BIRA

Salda badago

Onintza Enbeita -

2019ko urriak 30
Dena prest dago, zein goxoa den... bizitzak emandako plazer txiki hauengatik ez balitz. Hala kantatzen zuen Hertzainak-ek Salda Badago. Eta susmatzen genuen Gari gazte hura ez zela gure amamek egiten zuten barazki saldaz ari. Asteburu honetan Durango osoa izango da salda feministarentzat lapikoa, eta susmatzen dut feministok ere ez garela amamak egiten zigun salda beroaz ari. Edo bai; horretaz ere bai, baina ez horretaz bakarrik. Amamak ahaztu gabe ilobei bidea egitea da asmoa: zirenengatik, garenongatik eta izango direnengatik.

Izan ere, teoria politiko oso bat izatetik harantzago, feminismoa bide bat izan da gutako askorentzat. Agertokira igo ginenean gertatu zitzaizkigun gauzei izena jartzen asmatu du feminismoak, eta horrek lagundu digu ulertzen ez gaudela erotuta: benetan baztertu edo zapaldu gaituztela. Bide bat egin dugu, feminismoari esker, egiten duguna egiteko baimenik ez diogula inori eskatu behar sinetsi arte.

Emakume askok urratu zuen bidea gure aurretik, eta asko ari dira guk moztu ez genituen sasiak mozten. Eta salda ezin hobea da denon artean prestatzen ari garena. Eman al diezadake bizitzak plazer txiki handiagorik zuekin denokin eztabaidatu eta konspiratzea baino? Bada, ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna