HITZ ETZANAK
Liburua
Gertaerak berak sorturiko amorruari eransteko moduko datua. Orioko bi gorpuak izaraz estali aurretik, norbaitek izan zuen barrua haiei argazki bat ateratzekoa. Eta sare sozialetan omen dabil harat-honat, morboa elikatuz. Ez naiz ni sare horietan endredatzen naizena, baina horrek ez du esan nahi inor baino hobea naizenik.
Nire begirada ere bada aski bihurritua. Eraildako emakumea parkeko aulki batean liburu bat irakurtzen ari zela jakin orduko, begia zolitu zait hedabideetako argazkiei so. Bestelakoa, baina morboa nirea ere, izugarrikeria honen baitan xehetasun batek bereganatu baitu nire arreta. Zein zen irakurtzen ari zen liburua? Argazki batean liburu laurden bat ageri da. Ez da aski zer liburu den jakiteko. Baina konturatu naiz, kantoi batean duen txartela medio, liburutegiren batetik maileguan harturikoa dela. Eta horrek dimentsio publikoa ematen dio xehetasunari.
Itzuliko dute liburu hori noizbait liburutegira, ala Ertzaintzaren sotoren batean geratuko da? Itzultzen badute, lehengo apal berean jarriko du liburuzainak? Hurrena eskuetan hartzen duenak jakingo du liburuaren ibilbidearen berri? Eta amodio istorio bat bada liburuan kontatzen dena? Eta han azaltzen den maitasunaren kontzeptua krimen matxistak ahalbidetzen dituena bada?
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.