Onintza Enbeita.
BIRA

Agur, Pello

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Arantzazu maite izan duzu: Arantzazuz maiteminduta bizi izan zara. Grinaz irakatsi zenigun eguraldia ez dela bakarrik satelitez ikusita ematen diguten hori. Zuretzat eguraldia zen musker bat eguzkitan, edo behorren arrenak behe lainotan, edo saiek ze noranzko hartzen zuten haizetan, edo inurriak zulora ote doazen ekaitzaren usainetik ihesi, edo orbelak soinu desberdina ateratzen duela hezetasuna gordetzen duenean, edo ilargiak lurrari bakean uzteko esaten digula egun batzuetan. Inguratzen zintuena irakurtzeko gaitasuna izan duzu. Inork ulertu ezin genuen miresmenez begiratzen zenituen Oteizaren apostoluak urteen joanean. Gogoratzen dut nola erakutsi zenizkidan telefonoarekin egindako argazkiak: elurretan, iluntze gorrian, haizetan, eguerdiko eguzkitan, egun euritsuan... Ā«Ez dira beti berdinakĀ», esan zenidan. Konbentzitu egin ninduzun: nola ez, bada?

Gaurko meza ohi baino tristeagoa egingo zaie Arantzazura doazen fededunei: ez duzu organorik joko. Euskarazko komunikabideetan jarraitu zaitugunontzat arraroak izango dira urtaro aldaketak zure tenporen iragarpenik gabe. Ez dakit baserritar berrioi nork emango digun datorrenaren berri hain goxo, geurera ekarrita, geuk ulertzeko moduan. Mundua duela egun batzuk baino leku ankerragoa zait, Pello, zure goxotasunik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.