Xabier Makazaga.

Estatu terrorismoa

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Euskaldunok jasandako bi Estatu terrorismo ezagunenak tortura eta gerra zikina dira eta bai espainiar bai frantziar estatuek beti ukatu dute haien ardura. Zeharo ukatu ere. Horretarako, torturaren kasuan, inkomunikazioa erabili dute, biktimek probatzerik izan ez dezaten zer-nolako izugarrikeriak jasan dituzten. Gerra zikinean, berriz, BVE, GAL eta beste sigla batzuez baliatu ziren Estatuen ardura zuzena ezkutatzeko espresuki sortu zituzten sigla hutsak.

Gobernuburu zenean, Felipe Gonzalezek esan zuen inoiz ez zela frogatuko espainiar agintarien parte hartzea gerra zikinean. Frogatu egin zen, ordea. Eta nola! Orduan, agintari horiek gerra zikina justifikatzeari ekin zioten, argudiatuz hari esker lortu zutela frantziar agintarien lankidetza ETAren aurka.

Agintarien argudioa izan zen GALen atentatuak bertan behera uztearen truke hasi zirela frantziarrak kolaboratzen. Sekulako gezurra, GAL siglaz baliatuz erreibindikatu zituzten euskal errefuxiatu politikoen erailketak hasi aurretik espainiar eta frantziar agintariek sinatua baitzuten jada ETAren aurkako lankidetza ziurtatzen zuen ezkutuko akordio bat.

Gogoratu zein izan zen Felipe Gonzalezek erabili zuen argudioa GALi buruz deklaratu behar izan zuenean, 1998an, Auzitegi Gorenaren aurrean. Gonzalezen arabera, guztiz ezinezkoa zen espainiar agintariek parte hartu izana GALen atentatuetan, haiek gertatu aurretik Mitterrand presidente frantsesarekin ezkutuko lankidetza-oinarri sendoak adostu baitzituen ETAren aurkako borrokan.

Gonzalezen lagun handi batek, GALen garaian frantziar enbaxadore izandako Pierre Guidonik, argudio berbera erabili zuen 1995ean, El País egunkariak argitaratu zion artikulu luze bezain mamitsu batean. Zehazki, adierazi zuen GALen atentatuek ezin zutela, emaitza gisa, frantziar agintarien lankidetza lortu, ordurako lortua zegoelako, bera ere partaide izan zuen ETAren aurkako lankidetza-akordio sekretu bati esker.

Akordio hura interes komunei buruzko negoziazio zabalagoekin lotu zuen Guidonik, eta erabat baztertu zuen GALen garaian Barne Ministro zen Jose Barrionuevok eta Segurtasuneko Estatu Idazkari zen Rafael Verak inolako zerikusirik izatea GAL sigla erabiliz erreibindikatu zituzten ekintzekin, haiek hasi aurretik biek hartu baitzuten parte frantziar eta espainiar agintariek lotu berri zuten isilpeko akordio hartan.

Hona Guidoniren arrazoibidea: «dementziala izango litzateke» espainiar agintariak ekintza haien atzean egotea: «Lehen ondorioa, zalantzarik gabe, Espainia Europan sartzea zenbait urtez atzeratzea izango baitzen. Beraientzat oso arriskutsua izango zen halakorik egitea». Guidonik artikulu hura idatzi zuenerako, baina, judizialki frogatua zegoen Vera eta Barrionuevoren ardura zuzena GAL sigla erabiliz aldarrikatu zuten lehen ekintzan.

Bada, begi bistakoa iruditzen zait ez duela inolako logikarik PSOEk Iparraldean gerra zikineko kanpaina hura hasi izanak Mitterrand eta PSko beste buruzagi batzuen adostasunik gabe. Hala izan balitz, galtzeko asko eta irabazteko gutxi baitzeukaten, Felipe Gonzalezek eta Pierre Guidonik azaldu bezala. Frantziarren onespenarekin, ordea, asko zuten irabazteko eta ezer gutxi galtzeko... hainbesteko nagusikeriarekin jokatu izan ez balute etahainbeste hanka-sartze egin ez balituzte.

Aipatzekoa da Iparraldean PSko buruzagi nagusi zen Perre Destradek zer-nolako jarrera-aldaketa izan zuen bat-batean. Izan ere, 1983aren amaieran, espainiar Poliziari leporatu baitzizkion, jendaurrean, GALen lehen atentatuak. Handik oso gutxira, 1984aren hasieran, Mitterrand presidentearekin elkartu zen eta zeharo aldatu zuen jarrera: atentatu haiei buruzko erabateko isiltasuna gordetzeari ekin zion.

Egun batzuk geroago, Iparraldean PSko zuzendari eta tokiko idazkari ziren hamabost lagun bildu ziren frantziar Gobernuak bidalitako ordezkari batekin, André Labarrere ministroarekin, eta hara zer jakinarazi zien ministroak, GALen ekintzak «beharrezko gaitza» zirela. Askok sutsuki protestatu zuten. Destradek, batere ez.

Urte batzuk lehenago, frantziar Gobernua eskuinekoa zenean, gerra zikineko beste kanpaina bat izan zen, gehienbat Batallon Vasco Españolen sigla, BVE, erabiliz. Bada, frantziar agintariek errepikatu egin zuten orduan egindakoa. Atentatuak egiten zituztenen kontra egin ordez, atentatuak jasaten zituztenen aurkako neurri gogorrak hartzeari ekin zioten. Lehenik, euskal errefuxiatu politiko asko atxilotu, konfinatu eta urrutiko herrialdeetara erbesteratuz. Ondoren, estradizioak heldu ziren...

Nolanahi ere, ukaezina da ETAren aurkako PSko agintarien lankidetza ez zela hasi GALen atentatuak amaitu ondoren, haiekin batera baizik. Eta, aipatu berri dudan moduan, atentatuek haien oniritzia izan zutela. Horrenbestez, ezbairik gabe, espainiarrek eta frantziarrek elkar hartuta erabaki eta martxan jarritako Estatu terrorismoa izan zen hura.

Hara zergatik den hain garrantzitsua sakon aztertzea orduan gertaturiko guztia: ETAren kontrako kolaborazio gero eta estuagoa, Espainiako Estatua Europar Batasunean sartzeko prozesua, espainiarrek frantsesei erosten ari ziren eta erosiko zizkioten armak eta teknologia (Guidoni izan zen, hain zuzen ere, espainiarrek frantziarrei erositako Abiadura Handiko Tren frantsesaren fabrikatzaile zen Alsthon enpresako ordezkaria)…

Horrenbestez, ezinbestekoa da GALi buruzko guztia argitzea, baina ez soilik hori. Beste hainbat sigla erabiliz (BVE, ATE, Triple A…) egindako gerra zikina ere argitu beharra dago. Sigla horiek guztiak Estatu terrorismoa ezkutatzeko sortu zituzten pantaila hutsak besterik ez baitziren izan, eta biktimek egia osoa jakiteko eskubide ukaezina dute. Egiarik gabe inoiz ezingo baitute ez justiziarik ez erreparaziorik jaso. Ezta halakorik berriro gertatuko ez zaien bermerik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.