Etxerat-ek erakundeei eskatu die presio taldeei aurre egiteko

Espetxe politika alda ez dadin presioa egiten ari diren taldeen aurka esku hartzeko eskatu du

joxerra senar
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Pixka bat arindu da presoen eta haien senideen egoera, baina «ez da nahikoa». Etxerat elkarteak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak 74 preso hurreratzeko hartutako erabakia. Dena den, egun kartzeletan diren 223 presoetatik hamabost baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan. Askok jada Euskal Herriko espetxeetan egon behar luketela deritzote, baina argi dute sektore batek, «hori egitea ez dagokion arren», ahalmena duela erabaki zentroetan eragiteko eta egoera oztopatzen ari dela. «Ez daude prest bizikidetzan aurrera egiteko». Horregatik, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatu diete egoera horretan esku har dezatela, «lobby immobilistak urruntzearen amaiera eta presoen bide juridikoa blokeatu ez ditzan». «Gure senideei ez zaie ezer oparitzen ari: Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubidea dute, eta ibilbide juridiko arrunta egin ahal izatekoa», gaineratu dute.

Presoen egoeraren argazkia eman du Etxerat-ek, Hernanin egindako agerraldian. Presoen senideen elkarteak azaldu du 200 familia inguruk urruntzearen ondorioak jasaten dituztela oraindik ere. Izan ere, 173 preso Espainiako Estatuko 40 kartzeletan barreiatuta daude, eta horietatik %49, oso urrun —600 kilometro eta 1.100 kilometro artean—. Frantzian, bestalde, 31 preso daude zazpi kartzelatan barreiatuta.

Egoera juridikoari dagokionez, EPPK-ko presoen %75 espetxe legediaren bidea egiten ari badira ere, Frantziako Estatuan lau presok bizi guztiko zigorra dute. Espainiako Estatuan, berriz, preso bat bakartuta dago Soto del Realen, eta 129 lehen graduan daude; horietako 48, malgutasunez —beste 58 bigarren graduan daude; horietako bi, espetxe arinduan, eta zortzi, hirugarren graduan—.

Etxerat-en arabera, egoera horrek ez die erantzuten euskal gizartearen gehiengoak egindako eskaerei eta ziklo berriari, eta egindako hurreratzeak ez dira aski. Eskatu du espetxe politika aldatzeko, behin betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.