Bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, bat Gasteizen eta bestea Amurrion

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz egin dute operazioa. 2014ko eta 2015eko zenbait erasotan parte hartzea leporatzen diete

gotzon hermosilla
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ertzaintzak gazte bi atxilotu ditu Araban, Galder Barbado eta Aitor Zelaia, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Biak ala biak ezker abertzaleko kideak dira. Zelaia Gasteizen atxilotu dute, eta Barbado, berriz, Amurrion (Araba). Bien etxebizitzak miatu dituzte, eta beste bat Amurrioko Delika auzoan.

Hasieran, Espainiako zenbait albiste agentziak EHU Euskal Herriko Unibertsitatean izandako istiluekin lotu dituzte atxiloketak, baina, geroago, esan dute 2014. eta 2015. urteetan gertatutako zenbait erasotan parte hartu izana egozten dietela bi atxilotuei. Agentzia horien arabera, Ertzaintzak «piroteknia materiala» zeukan biltegi bat aurkitu zuen duela hiru hilabete Duran (Araba), eta horrek zerikusia izan dezake oraingo atxiloketekin. Itxura guztien arabera, Ertzaintzak Madrilera eramango ditu atxilotuak, eta Auzitegi Nazionaleko epaileen esku utziko ditu.

Atxilotuetako batek, Galder Barbadok, behin baino gehiagotan salatu du Poliziaren jazarpenaren biktima izan dela. 2011n, adibidez, beste gazte batzuekin batera salatu zuen Polizia jazartzen zitzaiola, kontrol batean atxiki, mendira eraman eta jo egin zutela, eta behin Ertzaintzak kalean geldiarazi eta DNA proba egiteko ile lagin bat ematera behartu zutela. Autoaren ateko sarraila ere silikonaz itxita aurkitu zuen behin.

2016ko maiatzean Guardia Zibilak Barbado atxilotu zuen, Ernai erakundeak Urduñan (Bizkaia) antolatutako Gazte Danbada ekitaldian pankarta bat erakustea egotzita; «terrorismoa goratzea» leporatu zioten, baina handik gutxira libre utzi zuten.

Atxiloketen berri jakin bezain pronto, mobilizazioak antolatu dituzte horiek salatzeko. Ernaik elkarretaratzeak egin ditu eguerdian EHUren Gasteizko campusean, eta arratsaldean ere manifestazioak egin dituzte Gasteizen eta Amurrion, Sortuk antolatuta.

«Gatazkari lotuta jarraitu»

Sorturen ustez, atxiloketek erakusten dute eragile politiko batzuek «iraganari eta gatazkari» lotuta jarraitu nahi dutela eta «ezker abertzalearen kriminalizazioan eroso» sentitzen direla.

Ertzaintzak eta Espainiako justiziak «neurri bi» erabiltzen dituztela salatu du Sortuk, eta erantsi du atxiloketak «bake eta bizikidetzaren aurkako norabidean» doazela. «Herri honek azken urteotan bakearen aldeko urrats garrantzitsuak egin ditu, baina haiek kriminalizazioari lotuta jarraitzeko tematuta daude», azaldu du Sortuk.

Eleak mugimenduak nabarmendu du azken zazpi urteetan «estatuarena eta administrazioena» izan dela «ageriko biolentzia politiko antolatu bakarra», eta iraganeko salbuespen neurriei eusteaz gain «jazarpen modu berriak» ere garatu dituztela. Atxilotutako gazteen eskubideen urraketa «gazte guztien eta euskal herritar guztien eskubide zibil eta politikoen urraketa» dela adierazi dute, eta, horregatik, «kaleak hartzeko» deia egin dute.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi die atxilotutakoei, eta erantsi du «EAJren polizia politikoak»neurri desberdinak erabiltzen dituela «komeni zaionaren arabera», eta oraingo polizia operazioa alderatu dute Amurrion familia abertzale baten etxebizitzaren kontra tiro egin zuen polizia ohiaren kasuarekin. «Badakite nor tratatu lagun moduan eta nor etsai gisa», esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.