Segurtasun Saila aztertzen ari da Ertzaintzaren LEPaz plazaratu duten epaia

Lan eskaintza publikoaren azken proba baliogabetu egin dute. Epaimahaiak baztertutako 300 lagun sartuko dira prozesuan

Ertzaintzaren sindikatuek abuztuan egindako protestaldia, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan ez da giro Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren sindikatuen artean, eta Gasteizko auzitegi batek Ertzaintzaren LEP lan eskaintza publikoaz plazaratutako azken epaiak are gehiago gaiztotu du harremana. Epai horren arabera, hautaketa prozesuaren azken proba, elkarrizketa pertsonala, baliorik gabe gelditu da.

Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esandakoaren arabera, sailean aztertzen ari dira zer ondorio izango duen epai horrek, baina lehenengoa nahikoa argia da: elkarrizketaren emaitzaren arabera epaimahaiak bazter utzitako 300 hautagai inguru ertzain izateko prozesuan sartu beharko dituzte.

Orain, 751 lagunen zerrenda bat egin behar du Segurtasun Sailak, ertzain eta udaltzain izateko prozesuari ekingo dioten hautagaiekin. Hautagai horiek bederatzi hilabeteko ikastaro bat egin beharko dute Arkautin (Araba), eta gero praktiketan arituko dira 11 hilabetez lanpostua eskuratu aurretik. Zerrenda horretan egongo dira baliogabetutako elkarrizketaren ondorioz epaimahaiak baztertutakoak ere.

Egoera oso nahasia da. Auzitegiak datorren urteko urrian hartuko du behin betiko erabakia, eta gerta daiteke, adibidez, Jaurlaritzari arrazoia ematea eta, beraz, hautagai horiek ertzain izateko aukerarik gabe gelditzea, ikastaro osoa eginda eduki arren.

Esan sindikatuak jarritako helegite baten ondorioz iritsi da epaia. Ez da sailak Ertzaintzaren sindikatuekin duen auzi bakarra: gaur, Erne eta Euspel sindikatuek elkarretaratzea egingo dute Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.