EBk Frantziaren atzerapenean esku hartzea nahi du Arriolak

Parisek 2042ra geroratu du mugan AHTarekin lotura egitea. Hitzartutako epean egin dadin, Bruselak ekitea nahi du Jaurlaritzak

Gaintxurizketako tunelaren lanak, atzo. BERRIA.
xabier martin
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
2030erako aurreikusita zegoen AHTaren lotura egitea Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, baina Frantziako Gobernuak iragarri du goizenik 2042rako egingo dutela euskal Y-arekiko lotura, eta Eusko Jaurlaritzan kezka eta ezinegon handia eragin ditu horrek; hainbestekoa, ezen Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ardatz atlantikoan dauden Espainiako erkidegoetako buruekin elkartuko baita datorren astean, Ajuriaenean. Baina Jaurlaritzak ez du erantzukizunik nahi atzerapena dela eta. Iñaki Arriola Garraioko sailburuak esan du Europako Batasuna dela «azalpenak eskatu» behar dizkiona Frantziari, Gasteizek eta Espainiako Gobernuak gai horretan egin dezaketenari garrantzia kenduta.

Gaintxurizketako (Gipuzkoa) tunelaren obran egin ditu adierazpenak Arriolak, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasorekin eta Adifeko zuzendari Juan Pablo Villanuevarekin batera. Astigarraga-Irun zatia «aurrera doa», 52,9 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2024aren amaierarako bukatzekoa da tunel horren zabalpena. Gero, beste bi tuneletan gauza bera egin beharko dute, Loiolan eta Errenterian.

«Legegintzaldi oparoa»

Aldiriko trenen eta tarte luzekoen ibilbideek aspaldian galdu zuten normaltasuna Irunen eta Errenterian, lan horiengatik. AHTa handik iragan dadin, zabaldu egin behar dute tunela, eta hiru errail hartu, eta teknikoki «oso obra konplexua» da, Adifeko buruak azaldu duenez. Tunela zabaltzen den bitartean, aldiriko trenak handik pasatzen ari dira, eta horrek «teknika berezi bat» eskatzen duela azpimarratu du.

Batera edo bestera, Itxaso Espainiako gobernu ordezkariak berretsi du 2027ko datari eusten diola Madrilek euskal Y-aren obren amaiera gisa: «Legealdi hau benetan oparoa izan da AHTari bultzada emateko».

Beste kontu bat da AHTa Irunera eramateak ez duela ekarriko Frantziarekiko eta, ondorioz, Europarekiko lotura. Itxasok «normaltasunez» ikusten du «erkidegoek beren ekarpena egitea», Urkulluren bilerarako deiaz galdetu diotenean. Edonola ere, Arriola sailburuak uste du EBren proiektua dela AHTaren ardatz atlantikoaren ibilbidea, eta Bruselak jo behar duela Parisera 2042rako atzerapen horretan esku hartzeko. «Bermeak eskatu behar dizkio Frantziari».

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ere gogor kritikatu du atzerapen hori; «onartezina da», esan du. «Gure enpresen lehiakortasuna lotura honen mende dago hein batean, eta ez zaigu ongi iruditzen AHTa ez edukitzea ardatz atlantikoarekin lotura izateko, eta irla batean geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.