Katalunia-Espainia. Eztabaida politikoa Valentzian

Foruak leheneratzeko eskean

PSPV-PSOEk, PPk, Compromisek eta Podemek konstituzioa erreformatzeko lege proposamen bat eskatu dute, 1707ko Oin Berriko Dekretuak ezaba ditzan.

Apirilaren 25ero Almansako gudua oroitzen dute Valentzian, foruak galtzea eragin zuena. Aurten, Kataluniako presoak ere gogoan izan zituzten. KAI FOERSTERLING / EFE.
Valentzia
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Valentzia da «nazionalitate historiko» Espainiako Estatuan zuzenbide zibil propiorik ez duena. Galiziak, Euskal Herriak, Aragoik, Kataluniak eta Balearrek, esaterako, badute. Orain, itun historiko baten bidez amaitu nahi dute bereizkeria hori: ideologia askotariko hainbat alderdi politikok —PSVP-PSOE, PP, Compromis eta Podem— bloke bat osatu dute konstituzioa erreformatzeko lege proposamen bat eskatzeko, Valentziari foruak itzultzearren. Gizarte zibil osoaren babesa dute: besteak beste, sindikatuena, patronalarena, unibertsitateena, erakundeena, eta abarrena. Ciudadanosek bakarrik bozkatuko du kontra, eta, udaletan, CUP abstenitu egin da.

Valentziarrek beren foru propioak izan zituzten Jakue I.aren konkistatik hasi —XIII. mendean— eta lehen borboitarra iritsi arte, 1707an: Filipe V.a. Orduantxe agindu zuen gertakari odoltsu hura: Xativa erretzea eta hango biztanleak sarraskitzea; hango gazteluan, horrexegatik dute buruz behera monarkaren koadroa, harik eta borboitarren batek barkamena eskatu arte —ez dute espero aurrerantzean eskatuko dutenik ere—. Urte hartakoa da Oin Berriko Dekretua ere, zeinak indargabetu egin baitzituen Aragoiko koroa osoaren foruak. Oraindik ere zigor hark markatzen ditu valentziarren legeak 2018an, hiru mende geroago.

Zapateroren helegiteak

2006an, PPko orduko presidente Francisco Campsek Valentziako Autonomia Estatutuaren erreforma bultzatu zuen. Estatutu horretan, onartuta dago herrialdea «nazionalitate historikoa» dela; eta hor jasota dago, halaber, «Valentziako erreinu historikoaren foruei dagozkien edukiak berreskuratzeko aukera, konstituzioarekiko harmonia erabatekoan». Valentziako Gorteetan eta Diputatuen Kongresuan onartu zuten, PPren eta PSOEren babesarekin. Horri esker, valentziarrek handitu egin zuten beren autogobernua, honako hauen bidez: Ezkontzaren Araubide Ekonomikoari Buruzko Legea (2008), Zaintza Partekatuari Buruzko Legea (2011) eta Izatezko Bikote Formalizatuei Buruzko Legea (2012).

Hala ere, gobernu zentralean eta autonomikoan alderdi bera ez dagoenean bien artean sortu ohi den borroka politikoak bultzatu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren gobernua lege horien kontrako errekurtsoak aurkeztera. Gero, Mariano Rajoyren gobernuak eutsi egin zien errekurtsoei. Azkenean, Auzitegi Konstituzionalak bere epaia eman zuen: hiru legeak indargabetu zituen 2016an.

Konstituzioa libreki interpretatzeak ekarri zuen erabaki judiziala. Haren 149.1.8. artikuluak zehazten du estatuak «eskumen esklusiboa» duela «Legeria zibilean, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek beren zuzenbide zibil, foral edo bereziak gorde, aldatu edo garatzea, halakorik duten tokietan». AJV Valentziako Juristen Elkartea borrokan ari da foruak leheneratzeko, eta nabarmendu du epaileak baliokidetzat hartu zituela «existitzen diren» eta «indarrean dauden» kontzeptuak, eta horri esker eraitsi ahal izan zuen estatutuaren zati hori, bi parlamentutan demokratikoki onartua.

Zalaparta ikaragarria sortu zen; hainbestekoa, non gaur egungo Felipe VI.ak berak ere bere iritzia eman behar izan baitzuen. Gutun bidez, kontsideratu zuen jada konponduak zirela bere aurrekoak eragin zituen kalteak: «Iraganean ezarritako edozein lege, diskriminatzailea edo mugatzailea gerta lekiokeena Valentziako autogobernuari, gainditua izan da, zalantzarik gabe, Konstituzioaren eta Valentziako Autonomia Estatutuaren bidez».

Orain, epai hartatik bi urtera, Valentziako politikariek elkar hartu dute, eskuarki ez bezala, konstituzioa aldatzeko proposamen hori erregistratzeko eta, hala, bost mendean existitu ziren foruak leheneratzeko. Espero izatekoa da datorren urte politikoan eztabaidatuko dutela, hauteskundeen aurretik —irailean, seguruenik—, eta, onartu eta gero, Kongresura pasatuko da.

319 udalek ere babestu dute auzia. Bi alderdi bakarrik abstenitu dira, edo bik bakarrik eman dute kontrako botoa, arrazoi zeharo desberdinengatik: CUPek eta Ciudadanosek. Pedreguerren, CUPekoak abstenitu egin ziren, ez dutelako planteamendua babesten: «Ez gatoz bat bere buruari ezartzen dizkion mugekin. Ez dugu uste valentziarrok baimena eskatu behar diogunik Auzitegi Konstituzionalari erabakiak hartzen utz diezagun. Eskubide galduak ez ditugu berreskuratuko baldin eta ez bagara libratzen haien erakundeez, Espainiako konstituzioez, autonomia estatutuez, eta ez badugu subiranotasun erabatekorik herri gisa».

Ciudadanosek Valentziako Gorteetan duen diputatuak, Emigdio Tormok, iragarri du kontra bozkatuko dutela: «Ez da Konstituzioa aldatzeko abagunea, Espainian dugun egoera edukita». Uste du «batzuen tranpa bat» dela, «abagunea aprobetxatu nahi baitute konstituzioari orraztu bat emateko», eta haren artikulurik gogorrenak aplikatzearen alde egin du: «Espainiako Konstituzioak nahiko ondo funtzionatu du, eta horren froga da 155.a aplikatu egin dela; bazirudien ikaragarria izango zela, baina legea betearazteko bakarrik balio izan du, besterik gabe».

AVJko presidente Jose Ramon Chirivellak, berriz, Ciudadanoseki eskatu dio «koherentea» izan dadila eta eskubide zibil historiko guztiak babes ditzala, edo guztiak uka ditzala. «Ez dugu ulertzen Alvert Riverak —zeinak baitio espainiar guztiak berdinak garela— ez jartzea auzitan Kataluniako zuzenbide zibila, baina haren alderdiak auzitan jartzea gurea. Ciudadanosek ezin du eten Valentziako autogobernua, eta ezin zaio desleial izan estatutuari».

Zuzenbide zibilaren eragina

Oso ohikoak ez diren egoera batzuk arautzen ditu zuzenbide zibilak; horregatik da hain zaila kontzientziazio zabal bat lortzea. Honelako egoerak izan ohi dira: ezkontza batean, ezkontideek nahiago izatea ondasunen banaketa egin; edo pertsona batek idatziz laga nahi izatea herentzia. Hori dena posible da Espainiako Kode Zibilean, baina notarioarengana jo beharra dago, eta dagokiona ordaindu. AVJren ustez, ez da pribilegio kontua, baizik eta valentziarrak baino ez direla egokienak «valentziarrei dagozkien arazoak konpontzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.