Japonia zentral nuklearrei lotu zaie berriro, Ukrainako gerra dela eta

Belaunaldi berriko zentralak eraiki nahi ditu Tokiok. Azken urteetan murriztuz joan da herritarren kontrakotasuna

Mihamako zentrala, Japonia erdialdean, artxiboko irudi batean. KYODO NEWS / EFE.
Josep Solano
Tokio
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Japonia da bonbardaketa nuklearren biktima izan den herrialde bakarra, eta Japonian gertatu zen, duela 11 urte, mendeko hondamendi nuklearrik handiena. Hala ere, Ukrainako gerrak eragindako krisia eta energia baliabideen eskasia larriagoak dira Fukushima eta Tokioren traumak baino: Tokiok, ingudearen eta mailuaren artean egonik, energia nuklearraren alde egin du berriro, baina segurtasuna indartuta.

«Errusiak Ukraina inbaditu izanak izugarri eraldatu du munduko panorama energetikoa», eta, beraz, «Japoniak aintzat hartu behar ditu krisi egoera posible guztiak». Hitz horien bidez adierazi zuen Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak, joan den asteazkenean, belaunaldi berriko zentral nuklearrak garatu eta eraikiko dituztela, 180 graduko bira behin betikoa emanik energia hornidurarako estrategiari. Iragarpen polemiko horrek mugarri bat ezarri du herrialde horren ekonomia eta energia politiketan, 2011n Fukushiman izandako hondamendiak dozenaka erreaktore nuklear geldiaraztea eta erretiratzea eragin baitzuen, segurtasun kontuak zirela bide.

Zentral berrien eskaera

Lehen ministroak adierazi zuenez, «berriro ere lanean diharduten hamar erreaktoreen jarduera segurtatzeaz gain, gobernuak behar den guztia egingo du gainerakoak berrabiarazteko, egiaztatuta baitago seguruak direla». Kishidak bideokonferentziaz eta etxetik parte hartu zuen bileran, aste hasieran positibo eman baitzuen COVID-19an, eta hau ere eskatu zuen, irmo: «Belaunaldi berriko erreaktore nuklearrak egitea, segurtasun mekanismo berriz hornituak». Japoniako lehen ministroak gobernuko arduradun exekutiboei eskatu zien, hain zuzen, gai horren inguruan «erabaki jakin batzuk hartzea urte amaierarako», bai eta zenbait komunikazio egitasmo lantzea ere, jakiteko «nola ulertarazi herritarrei» energia jasangarriari eta energia nuklearrari buruzko kontuak.

Paradigma aldaketa horrek helburu bat du azkenean: mundua energia krisi betean den honetan, Japoniari laguntzea bere energia mendekotasun handia murrizten, eta, hala, ahaleginak egitea sare elektrikoaren tentsioak eragozteko, sare hori kolapsatzeko zorian egon baita uda honetan, argindarra eteteko abisuak emateraino, Txinan gertatu bezala. Japoniaren helburua zera da, energia fosilen eredua bertan behera uztea eta klima neutraltasuna erdiestea 2050erako, eta hilabeteotan dezente mugatu zaio energia hornidura, Errusiako indarrak Ukrainan sartu zirenez geroztik.

Herrialdeak energia gabeziari aurre egin behar dionez, herritarrek pixkanaka aldatu egin dute gai horren inguruan duten jarrera, batez ere Ukrainako gerra hasi zenetik. Jiji Press albiste agentziak ikerlan bat egin berri du uztailaren amaieran gai horri buruzko iritzia aztertzeko, eta, hor erakutsi dutenez, inkestatuen %50 herrialdeko erreaktore nuklear ez-aktiboak berriz abiaraztearen alde agertu ziren. Galdeketaren arabera, japoniarren %48,4k begi onez ikusten dute erreaktore nuklearrak berriz martxan jartzea, baldin eta segurtasuna egiaztatua badute; %27,9 bakarrik agertu ziren kontra, eta gainerako %23,8k ez zuten iritzirik eman, edota adierazi zuten ez zekitela ezer gai horretaz. Duela hamarkada bat, herritarren %80 baino gehiago zeuden kontra, alegia, energia lortzearren erreaktore nuklearrak erabiltzearen kontra.

Aurrezteko deia

Joan den hilaren hasieran, Japoniako Gobernuak energia aurrezteko deia egin zuen, eta herritarrei eskatu zien itzaltzeko, besteak beste, argiak, telebista, aire girotua eta han hain ezagunak diren komunontziko jarlekuak, kolapsorik ez sortzeko sare elektrikoan. Ekaina izan zen Japonian 1875etik inoiz izan den hilabeterik beroena, eta abuztuak ere antzeko bidetik jo du; hala, operadoreek zenbait planta berrabiarazteari ekin zioten, hasieran baztertuagatik ere berriki konpontzen ibiliak baitziren; tartean dira zenbait zentral nuklear.

Kishidarentzat, bada beste arrazoi bat ere erreaktore nuklear horiek ezinbestean berrabiarazteko: Errusiako presidente Vladimir Putinek dekretu bat promulgatu berri du, konpainia bat sor dadin eta hark bere gain har ditzan Sakhalin-2 gas proiektu erraldoiaren eskubideak eta betebeharrak; horrek eragotzi egingo die atzerritarrei gasbidearen proiektu horretan parte hartzea, baina Japoniak dirutza bat jarria du gasbide horretan.

Shakhalin da Japoniatik gertuen dagoen gasbidea, kanalizazio bidez iristeko bi egun baino gutxiago behar duena; ezin erosoagoa, kontuan izanik AEBetatik eginiko inportazioek hilabete inguru behar dutela. Gasbide horren bitartez iristen dira Japoniara gas natural likidotuaren inportazio guztien %9; Txinaren ondoren, Japonia da munduko gas inportatzailerik handienetan bigarrena. Japoniako Mitsubishi eta Mitsui konpainiek, elkarren artean, Sakhalin-2 proiektuaren %22,5 inguru dute; proiektu horren bitartez, Japoniara bideratu nahi zuten ekoizpenaren erdia, baina litekeena da Putinen nazionalizazio ezkutuko horrek arriskuan jartzea bi konpainiak, eta ataka gaitzean jartzea sortaldeko herrialdea.

Apustua

G7ko gainerako herrialdeek kritikatu egin zuten Kishida, jarrera epela izan zuelako Putini eta Ukrainako gerraren ondorioz jarritako zigorrei dagokienez, eta Kishidak eten egin behar izan zituen Errusiatik eginiko ikatz inportazioak, baina ez zuen txintik ere esan gasari buruz, Mitsubishik eta Mitsuik inbertsio handiak eginak baitzituzten, eta ezin baitzion berehalakoan utzi Errusiako gasaren mendeko izateari. Eta nahiz eta Tokiok aurrerabide handiak egin energia berriztagarrietan, gobernuko arduradunek diote zentral nuklearrak berrabiarazi besterik ezin dela egin.

Joan den hamarkadan, Shinzo Abe lehen ministroak apustu bat egin zuen energia iturriak dibertsifikatzearen alde —eta Errusia auzoarekiko harremana handitu eta estutzearen alde, Alemaniako kantziler ohi Angela Merkelek ere egin bezala—, baina apustuak huts egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.