BI TARTE

'Don't Say Period'

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Urrun dago Florida. Urrun, lege proposamenetan; urrun, ustez behintzat, gizarte-balio kontserbadoreenetan. Titularren ehizan nenbilela birbidali nuenalbistea neure buruarekin daukadan taldera. Handik gutxira entzun nituen Uxue Rey eta Ane Eslava gaiari buruz hizketan Berria FM podcastean. Floridako ikastetxeetan debekatu egingo dute hilekoari buruz mintzatzea. Ezingo dira lehenengo hilekoa eta higiene intimoa aipatu ere egin ikasleak nerabezarora iritsi arte 12 urteko langa zehaztu dute. Hala jasotzen du Don´t Say Period izenekolegeak, datorren ikasturtean bertan aplikatu nahi dutenak.

Urrunekoarekin harritu bezainbat larritu denak baditu, gutxienera jota, bi aukera. Eskuak burura eraman ahala kanpokoen miseriak seinalatu eta lasai-lasai geratzea lehendabizikoa, aukerarik errazena izan daitekeena. Bigarrenak, berriz, lokatzetara sartzea eskatzen du; gertuagora eta, are, barrura begirajartzea.

Debeku espliziturik ez idatziagatik, ezin ukatuzkoa da gurean ere egon badagoela lurrazpiko erreka isil bat. Gurean ere belaunaldiz belaunaldi eraiki izan dela tabuaren eta lotsaren jurisprudentzia. Ez gara gutxi hodei usainezko iragarkiek iruzur egin zigutela sentitu genuenak. Ikusitakoak ikusita, hankartetik behera errege familiaren bateko odol urdina jausiko zitzaigula uste izan genuenak.

Gordean eraman genituen hasierako kezkak, hitz debekatua bera aipatzeko beldurrez, xuxurla gorri-marroixka batean bilduta bezala. Esku artean substantziarik ilegalenak bagenitu legez trukatu genituen gure lehen konpresak. Behar beste akrobazia egin genituen inork ezer ikus ez zezan; inork ezer nabari ez ziezagun. Gogoan dut, behinola, gelako mutil batek plastikozko bilkaria kendu ziola tanpoi bati eta gelan zehar ibili zuela aurrera eta atzera, arratoi baten irudiko. «Zer nazka!». Sentitu ezta ere, ez gara gutxi orduko hartan higuina adierazi genuenak. Ez gara gutxi gure lehen sexu-harremanetan hilekoa izatea zorigaiztotzat bizi izan genuenak, mutilak ukitu ere egin nahiko ez gintuela sinetsita.

Poztuko nintzateke ez bagina asko Selftape telesaileko eszena konkretu batekin kateatu garenak. Bi ahizpa protagonistak agertzen dira, komunean, eta bien arteko elkarrizketa bietako batek kopa odoldua erantzi eta iturrian garbitzen duen bitartean gertatzen da. Ez zaio ekintzari inolako aipamenik egiten; besterik gabe gertatzen da, normal-normal. Normal-normal gertatzen da eta, hala ere, apurtzailea suertatzen da bere horretan. Lekutan dagoFlorida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.