BI TARTE

Buelta osoa

Amaia Iturriotz Etxaniz, MariƱe Arbeo Astigarraga
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Itzaletan utzi dut autoa, turista bikote batek gogorarazi baitit uda dela oraindik hemen. Zakur bezatuak haien jabeengandik gertu doaz. Zakurren parkea esaten diote lorategi honi haurrik apenas jaiotzen den hiri zahar honetan. Parkeko belardia bidexka batetik zeharkatu dut buelta osoa ez emateko. Buelta osoa. Hau da hau azkar iritsi nahia presaka ez nabilenetan ere. Gauden aldia horrelakoa da. Zapatak lokaztuta iristea lantokira bidexkatik joatearren.

Lagun baten zakurra iruditu zait urrunekoa, baina ez da. Harrizko espaloira itzuli naiz pixkanaka eta aurrez aurre topo egin dut leihoekin. Izara urdinak daude zintzilikatuta sokatik. Ez dira nireak. Norbait bizi da gure etxean. Izerdia bota du gauez, maindire urdinek usaina hartzeko beste. Kirolerako arropak ez dit informazio gehiegi ematen. Neutroa da kirola aldarrikapen-mezuak daramatzaten nikiak berrerabiltzen ez dituenarentzat. Ez dakit galtzerdi bat lurrean ez ote dagoen. Hurbildu eta jaso egin dut. Saltotxo bat egin eta leihoan utzi diot, adeitasunez. Bikote ohiaren lige berriari bi musu ematearen antzeko zerbait izan da.

Ilargi-erdi bat eginez pasa naiz atariaren paretik, begirada momentu batean ere bertara zuzendu gabe. Behi talde baten albotik ere halatsu pasa ohi naiz mendian. Bigarreneko bizilagunaren ikuseremuan ahalik eta segundo gutxien egotea da nire helburu berehalakoa. Ez dut galderarik nahi, erantzunak badauzkadalako.

Bizikleta utzi nuen lekuan aurkitu dut. Patata-zorro huts bat dauka aurreko gurpilaren erradioen artean. Armiarma-sareak. Hosto batzuk. Abandonuaren poetika muturreraino eramana. Bukaera sinistu duelako herdoildu baitzaio katea hain azkar. Mendekotasun emozional hori berrikusi behar lukeela uste dut: urteetan desagertu naizela ematen du eta hilabete baino ez da izan.

Kandaduko klabea nire mugikorrekoaren berbera da, baina ez da jaio nintzen urtea. Buelta osoa emanez eraman dut bizikleta autora. Gainean joango nintzateke martxak etengabe blokeatuko ez balira. Erraz kabitzen da autoan.Ordubetetik gora gidatu dut itzuleran, auto-ilara bat izan delako autobideak ni agurtzeko erabili duen modua. Bizikleta-dendatik pasa naiz etxera joan baino lehen. Hango tipoak, kateaz gain, frenoak ere aldatuko dizkit. Hirurogeita hamar euro. Garesti. Hori da aurrera egitearen prezioa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.