BI TARTE

Aurpegiak

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Adats urdintzen hasixea erditik zatituta jausten zaio bekokiaren bi aldeetara, eta belarri-atzeetan hartzen du atseden. Hortz-hagin okertuzko irribarre ederra gailentzen da sudur zapalaren azpian. Gainean, bekain finak arkupetzat dauzkan begi pare eztikara, arkatz beltzez perfilatua, eta ezkerreko begiaren ertzean orin txiki-txiki bat, ezin biribilago. Ez zara inoiz iaioa izan pertsonei dagokien adina asmatzen, baina berrogei bat izango dituela pentsatu duzu zeure baitarako. Urrutitik agurtu zaitu eskuaz, eta zuregana hurreratzen ari da jende artean. Bere hazpegiak ezagunak egin zaizkizu, hasieratik. Zure izenez agurtu zaitu berak. «Aspaldiko», esan dizu, «zer moduz zabiltza?». «Betiko martxan», lanpetuta baina ondo zabiltzala erantzun diozu. Egindako esaldi bat aukeratu duzu, berak esandakoetatik pistaren bat erreskatatu nahian ari zaren bitartean. Ez dakizu seguru nor den, jakin egin beharko zenukeela badakizun arren. Kultur programatzaileren bat izango da, akaso. Unibertsitateko ikastaro aspergarri hartan ezagutu zenuen irakaslea edo gaztetxotan urte luzez euskal udalekuetako begirale izan zenuena, auskalo. «Pozten naiz zu ikusi izanaz. Agur» eta «agur». Ordu laurden daramazu emakumea nor zen oroitu ezinik. Ordu erdi inguru igaro da gogoratu duzunerako. Azkenik, kokatu duzu dagokion lekuan. Eskerrak, bestela ez zeundeke erabat lasai.

Prosopagnosia deritzo aurpegi ezagunak identifikatzeko ezinari. Prosopagnosia duena ez da gai ikusten duenaren eta bere memoriaren arteko loturak egiteko. Duela gutxi izan dut hitzaren aditzea aurreneko aldiz, eta galderak baino ez ditu sortu nigan.

Internetek kontatu dit bost mila aurpegi erregistratzeko ahalmena dugula, batez beste. Ikerketen arabera, kopuru hori dagokio pertsona bakoitzaren baitako nor da nor-ari. Jakin nahi nuke, baina, zenbat aldiz ikusi behar dugun aurpegi berbera gorde ahal izateko. Jakin nahiko nuke noiz has daitekeen aurpegi bat gure erregistrotik ezabatzen. Noiz arte eutsi dakiokeen aurpegi baten gomutari. Jakin nahi nuke umetan bisitan joaten nintzaionean txokolatea ematen zidan birramonak zergatik ez duen aurpegirik nire oroitzapenetan. Jakin nahi nuke pertsona batzuek —eskolako garbitzaileek, adibidez— zergatik ez duten sekula aurpegirik izan niretzat. Jakin nahi nuke, eta badakit.

Tarte luzeegia egin genuen aurpegi gutxi batzuk baino ikusten ez genituela. Orain, ordea, berriz hasi gara gutxika-gutxika galdutzat geneuzkan beste batzuekin topatzen. Udara, zorionez, garai ezin hobea da aurpegi berrietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.