Harrizko mahai batzuk daude mendialdeko iturri baten inguruan. Haietako batean ikusi dut eserita, oinak eserlekuan. Egurrezkoa da eserlekua, berdez margotua aspaldi. Zartatuta dago pintura. Aurki ilunduko du eta, hala ere, eskertzekoa da lizarren itzala. Eskertzekoa irakitera iritsi den uda batek udazkena izatea zain.
Erretiroa hartzeko adinetik gertu ibiliko den gizon bat da. Ilea urdindua eta nahasia du. Betaurrekoak behar ditu gertutik ikusteko. Sudurraren puntan dauzka eta koaderno bati begira dago magalean gitarra bat hartuta. Partiturak izango dira, edo akordeak. Mugikorrean jarri du lehendabizi abestia. Bera ahalegindu da gero. Pausoa moteldu dut denbora irabazte aldera kantua zein den asmatzeko. Ur gutxi dakar iturriak oraindik. Fresko dator. Iturriko askan garagardo lata batzuk daude hozten. Ez dakit kantua zein den.
Tipoaren etxeko egongelan sartu naiz. Ongi bernizatutako egur ilunezko altzariak. Isats luzea duen telebista bat. Erloju bat horman. Oleoz margotuta Txindoki urre-koloreko marko baten barruan. Kanpoan hotz, baina leihoa zabalik. Arratsalde on, esan dit. Arratsalde on. Garagardoa eskaini dit hotz-hotza. Ez, eskerrik asko. Eguraldiaz eta urriaz hitz egin dugu. Perretxikoez dakidan apurra baliatu dut elkarrizketari eusteko. Biotakoren baten bakardadea zartatzen gabiltza. Leihoa itxi du. Zazpiak direla dio erlojuak. Argia zeharka sartzen da eta telebistaren gaineko hautsa salatu du horrek. Jakin nahi ez ditudan gauzez ohartzen hasia naiz. Agur. Agur eta alde egin dut bere etxetik. Gitarra jotzen jarraitu du berak. Mendian gora segi dut nik.
Arnasestua. Zuhaitzak. Ongi noa. Ez nago nekatuegi. Gora eta gora segiko nuke ito arte, baina ez; propio eseri naiz harrizko etxola baten kanpoaldean. Ez dut gitarrarik. Ez dut garagardorik. Lokatza, sustraiak, orbela. Kantatzea pentsatu dut, zergatik ez! Hala nola gogoratu dut nekienik ez nekien kanta bat eta begi errariren batzuen esperoan geratu naiz.
Nerabe bat agertu da beheranzko bidean. Azkarregi dator, lasterka ia. Entzun nau. Poza hartu dut gelditu denean, jakin-mina baitut nolakoa ote den nire egongela. Baimena eskatu eta sartu egin da. Zuriak dira horma guztiak. Oinutsik jartzerakoan konturatu naiz zorua berotu egiten dela. Norvegian gaudela ematen du. Liburuak koloreen arabera sailkatuta. Pantaila erraldoia duen telebista. Netflix. Ahuakate baten hazia uretan, zotz batekin. Pijama jantzita irudikatu nauenean gehiegizkoa iruditu zait. Agur. Agur eta alde egin du nire etxetik. Mendian behera jarraitu du berak. Kantatzeari utzi diot nik eta ahuakate bat erostea erabaki dut. Uretan jarriko dut zotz batekin.
BI TARTE
Egongelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu