Albistea entzun

BI TARTE

Euri tanta banitz

MALEN AMENABAR LARRAÑAGA

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga - Txakur gorria

2022ko urtarrilak 23

Nik, euri tanta banintz, egingo nuke zuen sudurretan txirrist; lurrera erortzean salto, eta hodeietara joango nintzateke berriz. Txoria nintzela, txoria nintzela, sinistu nuelako, sinistu. Eta arantxan txan, arantxan txan... Gure auzoan ez zegoen ezer, bost katu eta bi kotxe berde, baina zuei esker egin genituen lagun berriak, Saturno planetatik etorriak, eta Sorgina Pirulina, eta Ebaristo dragoia, eta Tantaka Yotanka. Bizitza kantu bat da.

Nork agindu du mundu kolore bakarra, egunero irten ahal bada ostadarra? Etorri ziren kotxe handi batean, harrapatu gintuzten ezustean... Handi-mandiek ez gaituzte maite, libre garelako eta errebelde. Baina nolatan sartu zara, itsasontzian nire gelara? Zurekin ez daukat beldurrik, goazen mundu berrira! Baietz aurkitu baleak gaueko izarretan eta baietz aurkitu izarrak itsas hondoetan. Eta epo itai tai ye, epo itai tai ye... Sudurrean gorri, bihotzean irri; eguzkia banderatzat. Kantatzen ez duenak zorionik ez du.

Noren ideia izan da, ama, jolasa debekatzea? Bele batek noizbait kabia egin zion bihotzean, zoriontsua da norbait triste dagoen bakoitzean. Ostadarrari kolore guztiak ostu zizkion, eguzkiari laino beltz bat itsatsi zion, haizeari tiro, euria botila batean gorde... Halere, berriro, zergatik lehertzen dira mila kolore?

Aharrausi egin du basoak, zuhaitzek zabaldu besoak. Zergatik dago mendian hainbeste isiltasun? Ikusezin, hego-haize nahi nuke bihurtu, putz eginez ziztu batean zugana hurbildu, nire berotasunaz zu inguratu, zu ere nirekin haize bilakatu. Biok dantzan, biok hegan, elkarrekin, ni zurekin zu nirekin, biok alai, laralalai. Pozik nago laguna, iritsi da eguna; denak keinuka ari baitira irri egiten duenari.

Zergatik elefanteak, zeba ezingo luke, zergatik elefanteak inurria maite? Zergatik krokodiloak, zeba ezingo luke, zergatik krokodiloak, tximeleta maite? Maitasunak ez dauka legerik oihanean. Zure minaren askatzailetzat, hartu itzazu nire ametsak. Marraztu bihotz bat, mundu bat biontzat, eta ondo lo egin, koloretako ametsekin!

Irrien lagunak gara gu, eskatu gabe —nahiz ikuskizun bukaeran ilara eginda— eman dizkiguzuen musuen truke. Zu, eman musu, mingainean elur maluta zaitut zu. Bizipoza dugu auzolan, boro-boro-boro-borobilean, eta eskuetan, bizitza eskuetan, eskuetan daude gure hitzak. Minutu bat goizero-goizero; hirurogei segundoan, bizitzari mila esker. Zuoi, mila esker, lehen aldiz abesti bat idazteko eskatu zenidateneko ilusio berberaz. Zuoi, mila esker, bizitza osoa besteak omentzen daramazuenoi.

Ilargiraino eta buelta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...