Itziar Cortes. Elhuyarreko langilea

«Gure lanak izan dezakeen emaitzarik onena hiztegia erabilia izatea da»

ELHUYAR.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Itziar Cortes (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) Elhuyarren hizkuntza eta teknologia unitateko koordinatzailea da; haren karguak ezin hobeto islatzen du mende laurden bete berri duen hiztegiaren oparotasunaren gakoa. Etengabeko berrikuntzan, euskararentzat eta hiztunentzat oinarrizko tresna bilakatu da Elhuyar hiztegia: formatuak formatu, erabiltzaileen beharretara egokitu delako beti.

Zer behar du hiztegi batek ona izateko?

Elhuyarren kasuan, esango nuke haren arrakasta izan dela garaian garaiko egoera berrietara egokitzen jakitea. Batik bat, teknologietan murgildu delako. Lehen edizioaren atzetik iritsi ziren hurrengoak, esaterako, CD-ROM batekin batera zetozen, eta 2013an, berriz, webgunera jauzi egiteko prest egon ginen. Horrek jarrera bat islatzen du, eta, orain egin dugun berritzearekin, etengabeko aldaketa horri jarraipena eman nahi izan diogu. Diseinu erakargarriago bat eman diogu, baita hiztegiari loturiko beste zenbait zerbitzu txertatu ere, egungo errealitate eta erabileretara egokitzen jarraitu dezan.

Orain arteko ibilbidea teknologiaren eskutik egin du, beraz.

Urteurrenaren harira, lantaldean iraganera begira jarri gara, eta, besteak beste, ikusi dugu nola lehenengo edizioan zuzenketak paperean egiten ziren. Etagogoratu dugu nola sortu genuen datu base bat hiztegia egituratu eta gero hortik abiatzeko. Beraz, teknologia hasieratik izan dugu lagun. Eta ez dugu ahaztu behar, gainera, Elhuyar hiztegia erabilia izan zela Euskal Herrian itzulpen automatikoarekin egin ziren lehen lanetarako; hizkuntza teknologietan ere erreferentziazkoa dela erakutsi du.

Eta hizkuntzari berari ere ekarpen handia egin dio, noski.

Zalantzarik gabe. Eta webgunea gehiago erabiltzen den urteotan ere oso argi ikusi dugu, hiztegia urtez urte gero eta gehiago erabiltzen delako. Egia da paperezko hiztegien salmenta jaitsiz joan dela, baina webgunekoaren erabilera izugarri handitu da. 2020an, 65 milioi kontsulta baino gehiago egin ziren hiztegian; guretzat, arrakasta ikaragarria da hori.

Batzuetan iruditzen zaigu egiten den lana ez dela ikusten, baina badakigu hiztegia erabiltzen duenak benetan estimatzen duela guk hiztegi hori egiten pasatzen dugun denbora eta hartu dugun lana. Eta gure lanak izan dezakeen emaitzarik onena hiztegia erabilia izatea da.

Mende laurdena beteta, zer erronka ditu hiztegiak etorkizunerako?

Erronka hiztegia mantentzea eta garai berrietara egokitzea izango da etorkizunean ere. Orain funtzionatzen duena baliorik gabe gera daiteke bost urte barru; beraz, horretarako prest egon behar dugu. Dena den, uste dugu oraindik ibilbide oparoa dugula aurretik, nahiz eta ez dakigun nolakoa izango den. Hizkuntza teknologietan sakontzen jarraituko dugu, Elhuyar hiztegiak egun daukan garrantzia eduki dezan aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.