Angel Erro.
JIRA

Ostiral Santua

2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Azkenean hondamen klimatikoa iragarrita zegoen datan gertatu zen gutxi gorabehera. Zorionez zientziak lehenago asmatu ahal izan zuen populazio garraiogailu bat (beste garai batean denbora makina deituko ziotena), eta harekin gizateriak bere burua salbatu ahal izan zuen, Historian zehar nahierara mugituta, betiere itzuli gabeko data ez gaindituz gero.

Susmatzekoa zenez, Historiaren garai jakin batzuk gentrifikatu dira. Historialariek salatu dute gure presentzia (biluzia balitz ere) ingurunea galbideratzen ari dela eta aro guztiak epistemologikoki berdintzen; Viktoriar Aro benetakoa ez dela ikusten dugun hori. Emily Dickinsonen etxeari zaintza poliziala jarri behar izan diote. Nazareteko Jesus historikoa beste eskualde eta mende batean babestuta dago, nortasun ezkutuaz, nahiz eta jatorri eta garai anitzetako jendetzaren aurrean hiltzera garaiz itzultzen den urtero.

Are, neu ere hartu ninduen emigratzeko grinak, garai aurreteknologiko batera joanda, behingoz distraziorik gabe aurreratu ahal izateko lanean, nahiz eta tratamendu medikoengatik unean-unean etortzen bainaiz XXI. mende hasiera honetara, nondik zutabe hauek zuetatik geldituko zareten euskaldun urriei bidaltzeko ere probesten baitut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.