Angel Erro.
JIRA

Dohatsuak

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Madrilgo kazetek egintzat ematen dute. Hemen ere, posibletzat. Ideiara etsi dute gehienek. Udaletakoa pasatu da. Baina oraindik ematen dio lagunen arteko solas askori bazka. Halako batean suertatu naiz ni. Suharrenak azaldu digu, azken buruan, hoberena guztiak porrot egin eta hauteskunde berrietara deitzea litzatekeela: Navarra Suma oposiziora bidaltzeak onura bakarrik Navarra Sumari omen dakarkio. Epe laburrak ez gintuen itsutu beharko.

Kontra egin diogu, baina ez uste sendoz. Edozeinek izan dezake arrazoia, batez ere epe ertain edo luzeetara jarrita. Neurri batean susmoa dut taldeko guztiek inbidia diogula lagun suharrari. Gehienok gertatzear dagoen egoera berrira etsi dugu, doluaren fase guztiak igarota; onartu dugu mahai gainean dauden kartak baliatu behar direla, urteotan aurrera aterea edo egintxoa ahalik eta gehien salbatzeko hondamenetik, atzerakada minimizatzeko. Horregatik, bekaitz diogu gure arteko dohatsu bakarrari, hurrengo lau urteak zoriontsu igaroko dituelako, buruaskietsita, gure gainetik, inolako uko edo kontraesanak lohitu gaberik, beste guztiak oker daudelako ustean; pozik, berriro ere, ez duelako bere burua gogapen, hitz edo egitez traizionatu.

Dohatsu gogo-aratzak, haiek baitaude zuzen beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.