Angel Erro.
JIRA

Traidoreak

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Notizietan irakurri dugu Europako futbol ligan armairutik atera den lehen futbolariaren berri: Jakub Jankto. Kasu hauetan idatzi beharreko zutabe tipikoa zirriborratu zait buruan, ausardia laudatu eta arlo horretako homofobia salatuz. Baina Janktori leitu dizkiodan adierazpen batzuek eta HBO+ plataforman ikusten ari naizen lehiaketa batek desbideratu naute.

«Estatistika hutsagatik gay gehiago egon behar dute Ligan»,esan du, eta gogoa The Traitors saiora joan zait. Estrategia lehiaketa da: hemezortzi pertsona hartu eta programak haietako batzuk traidore izendatzen ditu, isilean eta besteen artean urtuta. Atalez atal talde osoak haietatik traidore nor den bilatu eta kanporatzen saiatuko da. Zirraragarria.

Agian ekoiztetxe bat anima daiteke futbol munduan girotutako bertsio bat antolatzen (idatziz jasota geldi dadila, eskubide kontuetarako, ideiaren autoretza); inguru matxista batean infiltratutako homosexuala maiz senti daiteke eta batez ere sentitzen dute traidore. Euskal Telebistan, dena den, agian saio proposamen egokiagoa litzateke talde handi batean erdaldunek haien artean ezkutatzen diren euskaldun elebidunak detektatzearena, lan zaila urteetan egin dieten ezikusia dela kausa. Valeria Rosek aurkez lezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.