Angel Erro.
JIRA

Epeak

2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aspaldian deskubritu nuen nolakoa den epeekin dudan harremana: ez oso ona. Epea zein den zabala ere, azken unera arte luzatuko ditut bai entrega bai entrega betetzeko eginbeharrak. Horregatik eskertu ohi dut, inoiz aitortu ez arren, eta maiz kontrakoaz kexatu arren, dena delako lana entregatzeko epea estua baldin bada, neure burua itzulinguru eta dibagazioetan galtzea saihestuko didalako.

Espainiako ezkerrak ere, PSOEtik ezkerrera dagoen espektroak, akordio batera iritsi eta hauteskundeetara baturik aurkezteko epe murritza eskertuko lukeelakoan nengoen, dena delako adostasun balizkoa azken unera arte luzatuko zutela eta emaitza edozein modutan berdintsua izanen zela jakinki.

UPNk eta PPk, berriz, ez dute epe osoa bete behar izan elkarrekin aurkeztuko ez direla iragartzeko, ohiko bi diputatu eta hiru senatari (nafar) arriskuan jarrita ere. Kasu honetan,elkarrekin joanda galtzeko gehiago duelako UPNk: PSNrekin akordio batera iristeko aukera, behin beste epe batzuk bete eta guztia onbidean joanez gero.

Salbuespena da, edonola, beste kasu guztietan azken unera arteko emozioa bermatua dugu (ai Iruñea, ai Gipuzkoa). Herritarroi, kontu eman ordez, espektakulua eman behar digutelako ustean, horixe nahiago dugulakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.