Zenbakiei begira posiblea zen arren, beste lau urte itxaron beharko ditugu udal gobernu aurrerazalea izateko. Lau urte asko dira, batez ere premiazko dituzun baliabideak zeure administrazioak ukatzen badizkizu. Lau urte zain ea hurrengoan gehiengoa berdina den, baina ez berbera. Edo alderantziz.
Gaur Iruñean zera aukeratuko da, alkate bat eta errudun bat. Lehenak lau urteko agintaldia gozatuko du. Bigarrenak herritarren haserrea jasoko omen du eta ahulduko da lau urte barru. Espero dezagun. Ondorioz, lau urte barru, batzuek espero dute ordezkaritzan igotzea, eserleku gehiago izatea. Herritarrek oraingoa gogoratzea, ez barkatzea, lau urte barru. Edo lau urte barru gauzak desberdin izatea. Agian beste lau urteko elkarlan zintzoak, agian hemen aldeko boto batek, han abstentzio batek ereindakoa umotuta egonen da lau urte barru. Politika iraupen-lasterketa da eta azken finean lau urte eta lau metro gauza bera da: bi oinkada eta erdi, beharrezko abiadan joanez gero.
Neuk ere ez dakit zertan ariko naizen lau urte barru, eta non. Gorputzak esaten dit guztia okerrera joanen dela, baina agian nire adineko ezkortasuna baino ez. Gorputzak esaten dit eskuineko olatuak aldean beste bustiko gaituela. Oker egonen ahal naiz.

JIRA
Lau urte barru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu