Angel Erro.
JIRA

Memoria selektiboa

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Pablo Echenique Podemoseko bozeramaileak, CIAren arabera, Felipe Gonzalezek GAL talde terroristaren sorreran jokatutako paperaren inguruko ikerketa Kongresuan irekitzeaz esan dituenak berdin balio lezakete Podemosek berak errege ohiaz eskatzen duen ikerketarako edo PPren finantzaketa ilegala ikertzearen kontra: «Mundu guztiak badaki zer gertatu zen eta batzordea distrakzio tresna izan daiteke».

Harrigarria da alderantzizkoa ez defendatzea. Hain zuzen, mundu guztiak baldin bazekien zer gertatu zen GALekin, Gonzalezek jokatutako rolaren berri mundu guztiak baldin badu, zergatik ez dago epaileen aurrean?

Gonzalezen azken gobernuan parte hartutako Margarita Robles Defentsa ministroak aurrera begiratzeko eskatu du (orduan zertarako babestu memoria historikoaren legea?, memoria selektiboaren lege berrizendatu behar?) eta «eskuzabal izan behar da, une bakoitzak bere berezitasunak ditu» bota du.

Testuinguru honetan laudatzekoak dira nork bere aldeko edo alderdikoak aurkariari eskatzen dion zorroztasun berberaz epaitzen dituena. Aitortu behar zaio Eneko Andueza Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiari «aski da» esan eta Gonzalezek izan ditzakeen erantzukizunak ordain ditzan eskatzearen ausardia ez hain orokortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.