Oso oker ez banago, birusaren larrialdia igarota ere, gurekin geldituko da telelana. Gauza guztiek bezala, horrek du onetik eta txarretik. Bazegoen lehenago etxetik lan egin ahal izateko eskatzen zuenik, batez ere familia kontziliazioa dela eta. Askotan, ukatu egiten zitzaien, kontrolaezina zelako edo, gehiagotan, teknikoki ezinezkoa edo korapilatsuegia zelako. Hemendik aurrera zaila izanen dute argudio horiei eustea. Praktikara eraman ahal dela egiaztatu da.
Telelanak dituen eragozpenen artean, kostu finko asko (argindarra, Interneta, tokia, jandietak, ofizina materiala, zenbaitetan baita ordenagailua ere) enpresatik langilearengana aldatzen dituela dago, lanorduak eta aisialdikoak nahastera jotzen da, deskonexioa zaildu, eta sindikatuak bezalako elkartasunezko egituren kontra jotzen du. Abusu laboralentzat ezin egokiagoa.
Abantailak ere izan ditzake, jakina, hiri handietan desplazamendu edo garraio orduak saihets daitezke. Lana nork bere komenentziara antolatzeko gaitasuna. Familiakoen zaintzarekin bateratzea. Azken horrek telelana emakumezkoekin lotzera eraman dezake.
Berez, hau guztia pasatzean, aukerakoa beharko luke etxetik lan egiteak. Susmoa dut derrigorrezko bihurtzen joanen dela.
    
    
        
        
            
    
                                
    
                                                                                JIRA
                        
                
                            Telelana
                Iruzkinak
            
            
                Ez dago iruzkinik
            
        
                    Ordenatu