ATZEKOZ AURRERA. Beñat Antxustegi. Musikaria

«Niretzat ohorea da piraten 20. urteurreneko kantua sortu izana»

Donostiako Piratek hogeigarren urteurrena ospatuko dute aurten. Horretarako, herriko jaien eta auzolanaren garrantzia azpimarratzen duen 'Aurtzaka goaz' kantua egin du Beñat Antxustegi musikariak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Barakaldon jaio zen Beñat Antxustegi (Barakaldo, Bizkaia 1989), eta, oso gaztetatik, Donostian bizi da. Hainbat musika taldetan ibili da, eta, egun, Physis versus Nomos taldearekin egiten ari da bere musika ibilbidea. Aurten, Donostiako jai herrikoien aldeko Abordatzera! ekinaldiaren hogeigarren urteurrena dela eta, Aurtzaka goaz kantuari musika jarri dio Antxustegik, eta, hitzak sortzeko, beste musikari batzuen laguntza izan du. «Piratek proposatu zidaten kantua egitea, eta ilusio handiz heldu nion proiektuari».

Urte biribila da aurtengoa piratentzat. Zer da zuretzat hogeigarren urteurreneko abestia sortzea?

Niretzat ohorea da. Piratei hasieratik erreparatu izan diet; hasi zirenean, 13 urte nituen, eta gazte garai guztia bizi izan dut Donostiako Piratetan ateratzen. Niretzat ohikoa da piratetan ateratzea, eta lagun pila ditut bertan ateratzen direnak. Ilusio handia egin zidan kantua egiteko proposatu zidatenean.

Abestiaren bidez, piratek auzolanean tiraka jarraitzen dutela helarazten duzu. Zergatik mezu hori?

Kantua egiteko orduan, aurreko bi kantuetako ideiak hartzen saiatu nintzen, Mundu berri baten mapa (2012) eta Donostiako Piratak (2004). Mezu hori, 2012. urteko kantuak ondo deskribatzen du, eta,azken batean, hori da piraten filosofia: lana auzolanean egiten bada, denon artean eta elkar lagunduz, gauza handiagoak lor daitezke.

Aurtengo abestia lasaia da, zergatik erabaki duzu estilo horren aldeegitea?

Lasaia ez dakit, baina azkenekoa baino lasaiagoa seguru. Hasieran, kantuaren hezurdura bat egin nuen, eta lehen hori, azken emaitza baino askoz lasaiagoa zen. Gero, lokalean entseatzen, rock zantzua eman genion, baina, guk esaten dugun bezala, rocka eta poesia uztartzen saiatu ginen. Gainera, iruditzen zait duela hamar urtekoaren estilokoa egin izan bagenu ez lukeela funtzionatuko. Gaur egun, oro har, uste dut gauza lasaiagoek gehiago erakartzen dutela gizartea.

Kantuaren sortzailea zu zara, baina musikari gehiagok ere parte hartu dute kantuan. Nondik dator kolaborazio hori?

Bai, nik egin nuen kantua, eta, hitzak sortzen, berriz, Markel Ormazabalek eta Eneko Sierrak lagundu zidaten. Ideiak bidali nizkien, eta beraiek zuzenketak bidali zizkidaten, eta aldaketak proposatu. Ondoren, Physis versus Nomos taldeko kideei erakutsi nien, eta denok batera azken aldaketak egin genizkion. Hortik atera genuen azken estruktura, eta, hori lotua izanda, kolaboratzaileei deitu genien. Ilusio handia egin zigun Sara Zozaia, Garazi Esnaola eta Gartxot Unsainekin lan egiteak, Donostian ibiltzen diren musikari erreferenteak baitira guretzat.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Ez genuen denbora asko izan lan egiteko. Lehenengo hilabetea kantua fintzeko erabili nuen; ondoren, taldekideekin entsegu batzuk egin nituen, ez asko, lau inguru, eta, azkenik, estudiora eraman genuen grabatzera.

Gustura gelditu zara azken emaitzarekin?

Bai, oso pozik nago azken emaitzarekin. Beti daude zuzenduko zenituzkeen gauzak, baina egia esan ni oso pozik nago, eta taldekideak ere hala daude. Orain egingo bagenu, gauza batzuk aldatuko genituzke, baina guztiz ez genuke aldatuko, nahiko ondo dago.

Zer harreman duzu Donostiako Piratekin?

Niretzat erreferente izan dira betidanik. Lagun mordoa ditut bertan ibiltzen direnak, lanean, auzolanean... Donostiako Piratetan ibiltzen den jende nahikotxo ezagutzen dut, eta, azken batean, denok lagunak gara. Gainera, ia urtero jo izan dut portuko kontzertuetan, eta beti ibili izan naiz saltsa horretan.

Physis versus Nomos taldea zuzenean ikusteko aukera egongo da Aste Nagusian? Eta abestia zuzenean joko duzue?

Bai, igandean joko dugu, abuztuaren 14an, 21:30ean, eta aurtengo piraten kantua zuzenean entzuteko aukera egongo da.

Zer gustatzen zaizu gehien Aste Nagusitik?

Egia esan, ez dakit. Ikonikoena abordatzea iruditzen zait. Gaztetan, askotan atera izan nintzen, baina azken urteetan ez naiz atera. Bestalde, kontzertuak ere asko gustatzen zaizkit.

Zure ustez, zer ematen diote piratek Aste Nagusiari?

Niretzat, piratek benetako Aste Nagusi bat ematen diote. Betidanik iruditu izan zait aspergarria Donostiako Aste Nagusia. Azken batean, udalak antolatzen duen zerbait da. Gauza asko egoten dira egitarauan, baina piratena geureagoa sentitzen dut ofiziala baino. Herrikoiagoa da, bertakoek antolaturiko festa, ez goitik inposatutako zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.