ATZEKOZ AURRERA. Xabi Mujika 'Smithy'. Mendizalea eta erizaina

«Hemen abenturak bizi daitezkeela adierazteko modu bat da Aizkorri»

Aizkorriko kanalen inguruko hitzaldia eman zuen Xabi Mujikak ostegunean, Donostian. Mendizalea izateaz gain, Goierri-Urola Garaiko ESIko COVID-19aren arduraduna da; orain, txertaketaburua.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon ordonez garmendia
Ordizia
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Mendiarekiko zaletasuna Zumarragako Ospitaleko (Gipuzkoa) ardurarekin uztartzen du Xabi Mujikak (Ordizia, Gipuzkoa, 1973). Egunero begiratzen du Txindokira, eta egunero ere, bere ardurapean dagoen osasun eskualdean positiboak ateratzen diren bakoitzean, jakinarazpenak iristen zaizkio sakelakora. Aizkorriko kanalei buruzko hitzaldiak ematen ditu, eta Smithyren bloga-n eta Ibilkari-n idazten du.

Zerk eramaten zaitu Aizkorrira?

Niretzat, Aizkorri modu bat da adierazteko hemen, etxe ondoan, oraindik badauzkagula abenturak bizitzeko, kanpora joan gabe.

Eta zer da abentura bat?

Ez da bakarrik eskalada bat, edo pioletarekin igotzea; abentura bat izan daiteke Usurbera betiko bidetik joan beharrean egun batean beti bazterrean uzten duzun bidea hartu, eta hortik tontorrera igo zaitezkeen ikustea. Sentsazio horrek eramaten nau Aizkorrira.

Eta Aizkorrin nola egiten da hori?

Mapa bat mahai gainean jarriz eta biderik eta izenik ez dagoen lekutik igo daitekeen galdetuz. Guri, mendira elkarrekin joaten garen lagunei, hori gustatu izan zaigu beti.

Gogoratzen duzu Aizkorriko lehen igoera?

Lehen kanala bai: Josu Izagirrek eta biok igo genuen, 2005eko martxoan. Iralarrainardea igo genuen. Pirinioetatik kanpo kranpoiak jarri nituen lehen aldia izan zen, txandalarekin eta polainekin. Igo ginen gora, atera ginen tontorrera, eta Josuri esan genion: hau sekulakoa da, etxe ondoan!

Eta, harrezkero, kanalez kanal.

Orain, Aizkorrin elurra dagoen bitartean, ez gara beste inora joaten.

Zenbat aldiz igo zara?

Uste dut 50 bide desberdin egin ditugula, baina zenbat aldiz igo ditugun ez dakit. Askotan.

Kanalak Aizkorriren aurpegi ezezaguna al dira?

Ez dakit. Aizkorriko kanalak beti eskalatu izan dira, baina lehen jendeak ez zuen ezer esaten. Ziur guk egin ditugun bideak lehenago ere igo dituztela beste batzuek.

Eta zergatik ezagutarazi ezezagun zen hori, ezagututa xarma galtzeko arriskua baldin badago?

Pare bat aldiz atentzioa eman didate horregatik! Baina ez litzaizuke gustatuko zuk gozatzen duzun leku batean jende gehiagok ere gozatzea? Niri bai.

Zer esan dizute, bada?

Behin, Asier Izagirrerekin, Nardagaizto kanalean, batek esan zidan: «Hau beti izan da gure santutegia, eta ea jendea etortzen hasten bada...». Eta Asierrek esan zien: «Zuek Pirinioetara edo Alpeetara joaten zaretenean beste batzuen azalpenei jarraituko diezue». Eta erantzun zigun: «Bai, baina lekua etxekoa denean...».

Bertako toponimia ezagutarazten ere aritzen zara.

2017an lehengo toponimia berreskuratu zuen Zegamako Udalak, Legazpiko Burdinola elkartearekin elkarlanean, inguruetako herritarrei egindako elkarrizketetan oinarrituta. Ordura arteko izen guztiak aldatu ziren, mendien eta kanalen izenak: Aizkorri berez ez da tontorra, mendikatea baizik. Aizkorri esaten zaion tontorrak Aizkorriko gurutzea du izena. Blogean nituen eduki guztiak eguneratu behar izan nituen: argazkiak, kronikak...


Zegamako Udalak berreskuratutako toponimia. / Xabi Mujika, Smithyren bloga

Zergatik agertzen da narda hitza kanaletan?

Harritza esan nahi du. Gustatzen zait toponimia ikertzea. Himalaian bertako toponimia erabiltzen badugu, nola ez dugu hemen egingo?

Zegama eremu gorrian dago [atzo atera zen].

A ze putada! Aizkorriko 1.500etik gorako tontor guztiak Zegamako mugen barruan daude.

Zer da zailagoa, toponimia berreskuratzea ala arauak betearaztea?

Anaiari esan nion behin: zerbait ariko gara gaizki egiten, gizarte gisa ez badakigu arduraz jokatzen. Ez dut sinistu nahi hain berekoiak garenik eta bost axola digula gertatzen ari denak.

Nola da osasun eskualdean positibo bat dagoen bakoitzean sakelakoan jakinarazpen bat jasotzea?

Orain ez dauzkagu lehen bezainbeste: 30 inguru dira egunean. Bigarren olatuaren gailurrean geundenean, ehundik gora iristen zitzaizkidan. Izugarria zen.

Zer ikusten duzu kalera ateratzen zarenean?

Denetik. Ostegunean, hitzalditik atera nintzenean, gazte kuadrilla bat maskararik gabe ikusi nuen. Balio al dute sartzen ari garen ordu guztiek? Balio du ahaleginak?

Zer esango zenioke orain etxean egon behar duenari?

Hamar egun direla. Jendea ez al da inoiz egon hamar egun etxean bihurritu batekin edo ziatikak jota?

Bukatzeko, pentsa Aizkorrin kanalean gora igo eta han goian COVID-19a duela badakizun norbait aurkitzen duzula. Zer egingo zenuke?

Hamar aldiz arnasa hartu, eta zerbait esango nioke. Ahalegina egin beharko nuke modu onean esateko, baina esango nioke zerbait, bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.