Albistea entzun

Eneko Andueza. PSE-EEko idazkari nagusia

«Autokritika egiteko unea iritsi da, denontzat»

Anduezak uste du gatazkaren biktima guztiei egia «zor» zaiela, eta justizia sistemak «zintzotasunez» parte hartu behar duela: «Denok daukagu aurrerapausoak emateko beharra». «Gaitzespenaren» bidean ezker abertzaleari «laguntzeko» prest dago.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko urtarrilak 29 - Eibar

Historia dario PSE-EEren Eibarko Untzaga plazako egoitzari. Hantxe jarri du hitzordua Eneko Anduezak (Eibar, Gipuzkoa, 1979); PSE-EEko idazkari nagusi izendatu zuten azaroan, eta, bere habitat naturala izateaz gain, batetik bestera dabilen garaiotan, herriaren kokapen geografikoak mugimendua errazten dio.

PSE-EEren ildo politikoan antzemango da buruzagi aldaketa?

Idoia Mendia eta biok belaunaldi ezberdinetakoak gara; ni beste urrats bat egiteko moduan nago. Mendiak buruzagitza hartu zuen garaia oso txarra izan zen; nahikoa izan zuen barnean baretasuna lortzen beste gauza batzuetan sartu aurretik. Egungo egoerak aukera ematen du beste gauza horiei heltzeko.

Esan izan duzu zure nahia dela PSEk lidergoa edukitzea. Nola?

Pixkanaka, ez egun batetik bestera. Epe ertain-luzerako proiektu bat sortu behar da, eta hori sortzera sartuko gara buru-belarri; mugimendu sozialekin, erakundeekin eta adituekin berba eginez.

Proiektu horren zutabe nagusiak zein izango dira?

Pandemia honek gauza asko erakutsi dizkigu. Zerbitzu publikoen aldekoak izan gara beti, baina ikusi dugu orain dauzkagunak akaso eskasak izan direla egoera batzuei aurre egiteko. Zerbitzu publikoak indartzea, hezkuntza, osasuna, egoera soziosanitarioa eraldatzea, erronka demografikoa, klima aldaketa, berdintasuna, ekonomia eta garapena... Ildoek hortik joan behar dute.

Mendia, Lopez, Redondo... bizkaitarrak. Orain, zu: gipuzkoarra. Herri ikuskera diferenteak dituzue?

Ez nuke esango. Beste begirada bat edukiko dugu, batez ere beste belaunaldi batekoa naizelako eta, nahiz eta azken hamarkadetako garai txarrak jasan, etorkizunerako beste begirada bat badaukagulako gure belaunaldikook.

Zeintzuk izan dira zure lehen lanak idazkari nagusi gisa?

Alderdi eta sindikatuekin elkartzea. Herri honen lidergoa hartu nahi duenak beste talde politikoekin, sindikatuekin eta mugimendu sozialekin egon behar du.

Ondoriorik?

Bilerak giro onean egin dira. Alderdi guztiei gonbidapena bidali nien. Voxek ezezkoa eman digu.

Gonbidatu zenuten, beraz.

Baietz esan zuten, baina EH Bildurekin bilera egin bezain pronto ezezkoa eman ziguten.

Gainerakoekin?

Bakoitzak bere proiektua mahai gainean jarri du. Desadostasunak aztertzeko aukera eduki dugu; baita adostasunak ere. Horrekin geratzen naiz. Gizartearentzako begirada luze bat eduki nahi badugu, hausnarketa hori egin behar dugu; batez ere, zer berdintasun ditugun Euskadi eraikitzeko. Euskadi oso herri plurala da, eta aniztasun hori aberastasuna da.

Oraindik ere kritika gogorrak egiten dizkizuete EH Bildurekin batzartzeagatik.

Dezente. Eskuineko komunikabide batzuek eman zioten trataera nahikoa nazkagarria izan zen. Batzuek hitzez hitz esan dute Eneko Andueza etakidea dela. Nire historia eta nire bizitza ez jakitea da. Alderdi Sozialistak zeresan handia izan du elkarrizketaren bidez bakea lortzeko. Bide horretatik ez naiz irtengo.

ETAren biktima izan da PSE-EE, eta, halakoak entzunda, alderdikideen artean ere hitz egingo zenuten. Zer sortzen dizue?

Haserrea eta amorrua. Baina ezin dugu denbora galdu eztabaida horietan. Gure bidea elkarrizketa eta bakea izan da beti. Gu beti egon gara biktimekin, eta idazkari nagusi gisa ere konpromiso hori mantentzen dut.

Bileran, EH Bilduri eskatu zenion «terrorismoa irmo gaitzesteko». Urriaren 18ko adierazpenean, zenioen «positiboa eta esanguratsua» zela. Baina ez nahikoa?

Orduan esandakoa mantentzen dut; politikoki eta pertsonalki esanguratsua izan zen deklarazioa; garrantzitsua, alderdi baten barruan halako mugimenduak egitea ez delako erraza. Gaitzespena azken atala izango da, eta aurrerapausoak eman behar dira; bidea ez da pauso bakarrarekin egiten. Garrantzitsuena da bide horretan egotea. Ia alderdi guztiak prest gaude bide horretan ezker abertzaleari laguntzeko.

Estatu indarkeriaren biktima askok eskatzen dituzte egia, justizia eta erreparazioa. Zer egin behar dute PSE-EEk eta PSOEk?

Alderdikideei mezu bera transmititu diet Euskadin nahiz hemendik kanpo: biktima guztiei egia zor diegu. Ezin dugu konplexurik eduki. Justiziak parte hartu behar du, zintzotasunez, egia ahal den heinean lortzeko. PSEk estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko dekretua egin zuen, baina biktima askok ez dakite beren egia, eta oraindik zor diegu. PSE-EEko idazkari nagusia biktima guztien alboan egongo da. Hemen nago, haiei pertsonalki eta giro pribatu batean entzuteko eta nire esku dagoenaren arabera laguntzeko ere. Nahi badute, ni kolaboratzeko prest egongo naiz.

PSOEn erresistentziak daude? Sekretu Ofizialen Legearen erreforma trabatuta dago, Zabalzaren auziko agiriak ez dira desklasifikatzen...

Ulertzen dut. Hemendik kanpoko iritzi eta jarrera batzuk hemen ez dira ulertzen; nik ere ez. Hemen ere guztiok daukagu aurrerapausoak emateko beharra. Alderdi bakoitzean, exekutibetan, denok autokritika egin beharko dugu: non egon ginen, zeinekin, zertarako, zein izan zen gure ekarpena. Beharrezko lekuan egon ginen? Behar zen jarrera eduki genuen? Herri honetan ez da inor salbatzen. Bakoitzak bere errelatoa izango du, baina orain, ETAren amaieratik hamar urte pasatuta, autokritika hori egiteko momentua ailegatu da, denontzat.

Ikusiko dugu PSE Urriaren 18ko adierazpen bat egiten?

Oso zuhurra naiz. Nahiago dut era pribatuan tratatu. Ulertzen dut halako eszenifikazioa egitea; errespetuz hartzen dut.

Kargua hartu ondoren, ezkerreko akordio baten aukeraz irekiago mintzo zinen, baina azken asteetan ukatu egin duzu. Sabin Etxean haserretu egin zaizkizu?

Niri behintzat ez didate ezer esan. Nire helburua da PSEk lidergoa edukitzea. Hiru urte barru, herritarrak bozkatzera joango gara, eta orduan esango dugu zer-nolako indarra izango duen bakoitzak.

Esanez EH Bildurekiko akordioak ez direla posible...

Gobernuko akordioak, ez. Beste batzuk, ordea...

Esanez EH Bildurekiko gobernu akordioak ez direla posible, ez al zaizkio EAJri ematen akordio posible guztien giltzak?

Ala ez; auskalo zer-nolako zenbakiak ateratzen diren bozetan. Urte eta erdi barru, udal eta foru hauteskundeak dauzkagu. Zeinek ez dio, Alderdi Sozialistarekin zenbakiek ez badute ematen eta beste mota bateko mugimenduak badaude, EAJ eta EH Bildu beste mota bateko adostasunetara iritsi daitezkeela subiranismoaren inguruan? Ildo garrantzitsua da EAJren kokapenean.

Udal hauteskundeetan hasiko al dira ikusten aurrekontuez haragoko PSE-EH Bildu akordioak?

Egunerokoan eta herrietan, sintonia pertsonala oso garrantzitsua da. Alderdi bakoitzak aztertzen du bere rola eta helburua: herria hobetzea edo oposizioa egitea. Guk egonkortasuna behar dugu alkatetza dugun herrietan. Sintonia hori, herri batzuetan, EH Bildurekin lortu dugu. Hori ona da. Irunen, Eibarren... EAJk ez du nahi izan. Zergatik? Bere helburua ez delako herri horiei gauza onak ekartzea, oposizioa egitea baizik, alkatea izorratzeko.

Sintonia pertsonala aipatuta: zer moduz zurea Ortuzarrekin?

Ona. Elkarrizketarako prest nago. Desadostasunak ditugu, eta horiez ere berba egiten dugu.

2013tik Jaurlaritza babesten duzue; 2015etik aldundietan zaudete. Luzera, baduzu kezka bazkide txikia izatearen kostuaz?

Bakoitzak bere erantzukizuna dauka egiten duena behar bezala egiteko eta azaltzeko. Pisuzko sailak dauzkagu, eta gobernu itunak gure elementu asko dauzka.

Pandemiaren kudeaketak kalte egin dizue?

Lan ona egin da, baina, koalizio gobernu batean zaudenean, gobernu kontseilura eramaten diren gai guztiak onartu behar dira, eta adostuta doaz. Gauza batzuk nola kudeatzen diren... Gure esku egongo balira, beste era batera kudeatuko lirateke. Autokritika egiten dugu; arlo batzuetan, sistema ez da ondo egon.

Aipatu duzu EAJk eta EH Bilduk subiranismoaren arloan akordio bat lortzeko aukera. Hori ez gertatzea zuen meritua da?

EAJk eta EH Bilduk akordio bat lortu zuten [estatus berriaren oinarriez]. Ez zen aurrera eraman, baina ituna hor dago. Guk esan dugu: ez da lehentasuna. Nahikoa dugu pandemiarekin, eta gero gerokoak. Baina eztabaida zabaltzen bada, parte hartuko dugu. Adostasunetara iristeko portzentajea oso handia da gai sozialetan. Zergatik ez goaz horra, eta ez sakabanatzen gaituzten gaietara? Ez dugu nahi batzuen edo besteen estatutua, guztiona baizik.

Erabakitzeko eskubideak ere adostasun zabala dauka. Zergatik egin uko hori arautzeari?

Garbi jokatu behar dugu. Ez da soilik erabaki eskubidea. Helburua zein da? Jendeak bozkatzen badu, zertarako izango da? Zer dakar? Euskadi independente bada, nolako eragina izango du gure bizitzan? Non kokatuko da Euskadi Europan eta munduan? Hori argi jakin behar dugu; bestela, gizarteari tranpa egingo diogu.

Hori galdeketa baten aurreko eztabaida prozesua da. Kontua da galdetzeko aukera dagoen eta estatutuan jaso daitekeen.

Nik, galdetu baino lehen, nahiago dut jakin nolako eragina daukan.

PSEk esan izan du estatutua eguneratu aurretik Espainiako Konstituzioa erreformatu behar dela. Eztabaida zabaltzeko gogoz ikusten duzu PSOE?

Etorri behar du. Alderdian oso kontziente gara hori lehenbailehen egin behar dela. Denok eroso sentitzeko marko juridiko-politiko bat lortu behar dugu.

Nola dago Sanchez: zenbait erreformatan urrunegi ez joateko tentazioz?

Daukagun eskuina oso petrala da, arduragabea. PP Voxen posizioan dago oraintxe. Sanchez sendo ikusten dut. Elkarrizketarako gaitasun handia dauka.

EAJ, EH Bildu, ELA eta LAB lan erreformaren aurka badaude, badu zilegitasunik EAEn?

Ez dakit zilegitasuna falta duen; aurrera ateratzen ez bada, Rajoyrena izango dugu, eta hori bai dela kaltegarria. Galdetzen badidazu euskal sozialistek zer posizio duten lan erreformaren inguruan, ea bikaina den, ba ez. Gehiago egingo genuke. Baina balio handi bat da sindikatuen eta enpresarien arteko itun bat dela. Ez zuri, ez beltz: erdigune bat da. Rajoyren erreforma alde batera uzten dugu, eta pauso gehiago emateko aukera daukagu.

EH Bilduren ezezkoa irmoa da. EAJk nahi du EAEko itunek lehentasuna izatea. Onar liteke?

Azken egunetan, Ortuzarrek gobernuari eskatu dio lurreratze pista bat prestatz eko. Auskalo zer gertatuko den.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko udaletxea, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Alonsotegiko alkate ohiarentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute

Iosu Alberdi

Prebarikazioa egitea, dokumentuak faltsutzea eta dirua bidegabe erabiltzea egozten die fiskaltzak Aitor Santiestebani eta beste bost laguni
Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Xabier Martin

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Inma Jurio PSNko parlamentaria, atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra». PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte; «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute

Laura Pego eta Jeanette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, iaz landutako txostena eskuetan, Nafarroako Parlamentuan. Atzo eman zuten haren edukiaren berri. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuan

Joxerra Senar

Kriminologiaren Euskal Institutuak bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana «amaitu gabe» dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.