ATZEKOZ AURRERA. Xabi Arrieta. Bulego taldeko bateria jolea

«Koherentzia bat eduki nahi dugu»

Pop estiloa lantzen du Bulego musika taldeak, euskaraz. Estetika zainduak ezaugarritzen du boskotea, eta, musikaz gain, beste hainbat diziplina ere jorratzen dituztela azaldu dute musikari azkoitiarrek.

Ezkerrean Arrieta, gainerako taldekideekin. JAIME VENEGAS.
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gaztea irratiak 2020ko talde berri onenen artean sailkatu duen Bulego taldeko bateria jolea da Xabi Arrieta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1994). Lehen, Passepartout musika taldea osatzen zuten kideek, eta pandemia heldu baino urtebete lehenago jarri zuten martxan proiektu hau. «Pop euskalduna» sortzen dutela diote, eta taldekideen zaletasuna «profesionalizatzea» dute helburu. Gasteizko Kubik aretoan joko dute gaur, 20:00etan.

Apirilean atera zenuten zuen lehenengo EPa. Nolako harrera izan du?

Martxoan eman genuen gure lehenengo kontzertua, eta horren ondoren konfinamendua etorri zen. Orduan erabaki genuen kantuak banaka kaleratuz joatea, bideo batzuekin. Azkenik, apirilean osoa aurkeztu genuen, eta harrera oso ona eduki du. Oso gustura gaude jendearen feedbackarekin.

Ez dira bi urte bete taldearekin hasi zinetenetik, eta jada zuen lekua egin duzue euskal poparen jokalekuan.

Bai. 2019an hasi ginen proiektuarekin, eta ez genuen espero dena hain azkar joatea. Egia da, hala ere, konfinamenduaren ondoren martxan jarri ginenean, atzeman genuela proiektua bestelako dimentsio bat hartzen ari zela.

2020ko talde onenen artean sailkatu zaituztete. Nolakoa da horrelako izendapen bat jasotzea kulturarentzat hain zaila izan den urte honetan?

Izugarrizko ilusioaz hartu genuen berria. Egia da 2020an indarra hartu dugula, eta saiatu gara martxotik nolabait aktibo eta presente egoten, sare sozialetan eta geneuzkan baliabideak erabiliz bideoak egiteko. Gure esku zegoen guztia egin genuen taldeak bizirik iraun zezan.

Bulego baino lehen, Passepartout taldea osatzen zenuten. Zer dago izen aldaketaren atzean?

Passepartout taldearekin kontzertu batzuk jo genituen, baina hasi ginen ikusten ezinegon musikal berriak geneuzkala, eta nazioarteko talde askok egiten zituzten gauzak gustuko genituela. Orduan konturatu ginen gure abestiak beste lerro batetik zihoazela pixkanaka. Proiektu berri bati bide ematea pentsatu genuen, eta, horrekin batera, taldeari izena aldatu eta eta zerotik hastea.

Zer dela eta Bulego izena?

Passepartout izena idazteko zaila zen, eta jendeak zailtasunak zeuzkan taldea aurkitzeko. Beraz, izen sinple eta erraz bat nahi genuen, jendeari buruan geratuko zitzaiona.

Estetikari ere garrantzi berezia ematen diozue.

Gure helburua da guztiarekin koherentzia bat edukitzea. Taldekide bakoitza leku batetik dator, eta pertsona bakoitzak bere janzteko era dauka. Hala ere, guk ikusten genuen lehen aipatu ditudan erreferente horietan taldeko guztiek estilo berari jarraitzen diotela. Ikusten genuen punkaren kasuan, adibidez, bazegoela mugimendu bat non denak antzera jantzita zihoazen, eta guk hori eduki nahi genuen, baina pop talde batean. Iruditzen zaigu begitik asko sartzen dela eta gaur egun, gainera, horrek asko funtzionatzen duela.

Diziplina askoko proiektu gisa definitu izan duzue Bulego. Musikaz gain beste arlo batzuk ere lantzen dituzue?

Janzkerari dagokionez, adibidez, pertsona bat dago horretaz arduratzen dena. Beste pertsona bat ere eduki dugu diseinu grafikoaren kontu guztiarekin gurekin lanean, beste bat bideoklipekin laguntzen, beste bat webguneko gauzak daramatzana... Azkenean, gure funtsa musika da, baina, musikaz gain, beste arlo batzuk ere lantzen ditugu.

Eta zer adierazi nahi duzue zuen musikarekin?

Atera ditugun lehen kantuek harremanei buruz hitz egiten dute. Bai lagunartekoak, bai familiartekoak, edo harreman erromantikoak. Eta guztiek ikuspuntu positibo bat daukate. Energia, alaitasuna eta bizipoza transmititu nahi ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.