Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Produktu ekologikoen munta

Bioaraba azoka egiten dute Gasteizen, eta aurtengoa seigarren aldia du; produktu ekologikoak ditu oinarri. Ekoizleen arabera, azokak bide ematen du bertako produktuak erosleei gerturatzeko.
Elikagai ekologikoak ez ezik, bizimodu jasangarri baten alde egiten duten proiektuak daude ikusgai Bioaraban; kosmetika ekologikoa, esaterako.
Elikagai ekologikoak ez ezik, bizimodu jasangarri baten alde egiten duten proiektuak daude ikusgai Bioaraban; kosmetika ekologikoa, esaterako. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko azaroak 16 - Gasteiz

Produktu ekologikoen, bizitza osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuaren plaza bilakatu da Gasteizko Iradier Arena. Atzo eman zioten hasiera Bioaraba azokaren seigarren aldiari, eta bihar amaituko da. Azokaren helburu nagusietako bat da bertaratutakoek jasangarritasunaren kontzeptua barneratzea. Baita bertako produktuak ezagutzea ere. Eraikinean sartzea aski da bertan dagoenaz jabetzeko. Hainbat alorretako standak daude, eta bertaratutakoak haietako bakoitzean dauden produktuak ezagutzen dabiltza.

Egun euritsua izan arren, etxetik atera eta azokara hurbiltzea erabaki du Juan Nuñezek. Ez du lehen aldia azokan, eta urtero joan ohi da emaztearekin: «Jateko produktuak erosten ditugu, eta sarritan, familiartean banatu». Azokara iritsi berri da, baina dagoeneko poltsan sartuak ditu gazta eta marmelada. Nuñezek eskertzen du produktuak «zuzenean» ekoizleei erostea eta haien nondik norakoak ezagutzea.

Susana Aiastuik bat egiten du Nuñezek esandakoarekin. Jakion proiektuko kidea da: Debagoieneko baserrien nekazaritza jarduerak berreskuratzea du helburu. Urtero parte hartzen dute azokan, ekoizten dituzten produktuendako «erakusleiho» bat da. «Bioarabak bide ematen du jendea inguruko produktu ekologikoen inguruan kontzientziatzeko; Euskal Herrian ere halako produktuak badaudela jakiteko», azaldu du. Jakionen kasuan, kontserbak egiten dituzte baserrietako fruta eta barazkiekin. Zortzi marmelada mota eta kalabaza purea ditu Aiastuik gaur.

Azokako korridoreetan aurrera eginez gero, elikagai ekologikoek osatzen dute azokaren gehiengoa. Taloak, gaztak, olibak, jogurtak eta ogiak, besteak beste. Ana Monserratek Arabako Mendialdeko ogia du salgai, Maeztuko kooperatiba txiki batean eskuz eginikoa eta ekologikoa. «Araba txikia da, eta, beraz, Gasteizera etorri behar izaten dugu ogia saltzera», adierazi du Monserratek; nabarmendu du azokak bide ematen duela bertako produktuak babesteko.

Elikagaiez gain, bizi eredu iraunkorrago bat lortze aldera lagun dezaketen proiektuak ere ikusgai daude: kosmetika ekologikoa, esate baterako. Lamia proiektuko kidea da Maite Garzia, eta aurpegirako produktu ekologikoak egiten ditu, olioa erabilita. Azokak aukera ematen du bertan ekoizten diren produktuak erakusteko, eta Garziak gehitu du horretarako garrantzitsua dela bezeroarekin aurrez aurreko harremana izatea: «Normalean Internet bidez saltzen dut, baina produktua azoka batean ikusgai egoteak mesede egiten dio ekoizleari».

Aurten 72 erakusmahai daude. Tailerrak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte hiru egunetarako. Enpresetako eta alor ezberdinetako zenbait adituk parte hartuko dute. Ainara Nievek infusioen inguruko tailer batean parte hartzeko asmoa du. Eskolako lagun batzuekin batera iritsi berri da azokara. «Oraintxe esan digute te hotzen eta beroen inguruko tailer bat dagoela; ba al dago hori baino gauza hoberik gaurko hotzari aurre egiteko?», adierazi du. Oraindik ez du produkturik erosi, bai, ordea, dastatu. Izan ere, eskuz eginiko pizzak saltzen dituzten erakusmahai baten aurrealdean dago, pizza zatia eskuan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»

Ane Insausti Barandiaran

'Medusa' izeneko EPa sortu du AyVeek, jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.
ETB1eko <em>Go!azen</em> telesaileko aktore gazteak. ©ETB

Hiru haurretik batek ikusi du aurten 'Go!azen' ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

ETB1eko telesailaren denboraldia gaur amaituko da. Kontzertuek maiatzera arte jarraituko dute

 ©AITOR KARASATORRE / FOKU

«'Bollera' izaera bat da, bizitzeko modu bat»

Iker Tubia

Haur literaturaren alde egin du Jakak, adin horretan «dena jaten» dutelako «gose handiz». Letretan dagoen sexu disidentziaz mintzatu da, eta euskarak LGTBI mugimenduan behar duen presentziaz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...