Nafarroan, oraindik eskualdatu gabe dago trafiko gaien eskumena

Beaumonten arabera, transferentziaren kostua zehaztea besterik ez da falta akordioa lotzeko

joxerra senar
Iruñea
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Mende erdiaren ondoren, trafiko eskumena berreskuratzeko gutxi falta du Nafarroak. Urriaren amaieran, Moncloan eginiko bileran, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak promes egin zion Uxue Barkos Nafarroako lehendakariari legealdia amaitzerako eskumen hori eskualdatuko zela. Herenegun, Maria Jose Beaumont Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak azaldu zuen urrats gutxi falta dela akordiorako.

Beaumonten hitzek lasaitasuna eman dute, azken asteetan zalantzak piztu baitira Sanchezek agindutakoa beteko ote duen. Neurri batean, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak hauspotu ditu dudak. Eskumena Nafarroak hartu arren, trafiko arloko zerbitzua Guardia Zibilak eskainiko zuela aipatu zuen Arastik abenduan. Gero, duela egun batzuk adierazi zuen maiatzerako eskumena gauzatzea oso zaila izango zela.

Ostegunean, zalantzak uxatu zituen Beaumontek. Bere hitzetan, «prozedura konplexua da» eta denbora behar du Espainiako Gobernuak, haren egitura barruan hainbat arlori eragiten diolako aferak: Barne Ministerioa, Ogasun Ministerioa eta DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritza. Kontseilariak zehaztu zuen urtarrilaren hasieran Nafarroako Gobernuak akordiorako proposamena igorri ziola Madrili. Iragan urtarrilaren 30ean bildu zen Meritxell Batet Lurralde Politikako ministroarekin.

Batetek helarazi zion oraindik orain DGTk ez duela giza baliabideen eta materialen kostuaren gaineko azterketa amaitu. Datu hori funtsezkoa da ondoren Ogasun Ministerioari helarazteko, eta bere gain hartuko eskumenengatik Nafarroak urtero pagatu ohi duen ekarpenaren kalkulua berregiteko. Bi urrats horiek falta dira akordioa lotzeko.

Maria Jose Beaumontek esan zuen Fernando Grande Marlaska Espainako Barne ministroarekin ere bildu dela egunotan, eta hark begi onez ikusi duela espetxeetako osasun zerbitzua Nafarroaren gain uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.