Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina

Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. IREKIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
2019an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 eta 34 urte artekobiztanleen emantzipazio tasa%30,2koa zen, batez beste; 2020an, berriz, %35,1ekoa. 2008ko krisiak zapuztu egin zituen gurasoen etxetik joan nahi zuten gazte askoren ametsak, eta COVID-19aren pandemiak eta Ukrainako gerraren ondorioek are gehiago atzeratu dute emantzipazio adina. Europako batezbestekoarekin alderatuta, lau urte geroago uzten dute gurasoen etxea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren gazteek. Eusko Jaurlaritzak «kezka» agertu du gazteen emantzipazio berantiarraren inguruan, eta lehentasun gisa jarri du gurasoen habia lagatzeko adina aurreratzea. Xedea, horra: batez besteko adina 30 urtetik 29ra jaistea 2025 urterako, eta 28ra 2030erako. Eta helburu hori erdiesteko, besteak beste, 25 eta 29 urte artekoei emantzipatzeko laguntzak emango dizkie hilero.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkari nagusiak iragarri du neurria. Jaurlaritzak zehazteke ditu oraindik laguntzaren zenbatekoa eta hura jasotzeko bete beharreko baldintzak, baina datorren urteko martxorako indarrean izan nahi du neurria. Gazteen Emantzipazioa Bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategian jasoa dago laguntza hori. Ez da bakarra. Enpleguari, etxebizitzari, errentari, kohesioari eta «erresilientziari» lotutako beste hainbat neurri ere bildu ditu. Gehienak ez dira berriak: Gazteriaren Legean eta Erronka Demografikorako 2030erako Estrategian txertaturik daude asko.

Fernandezek berak aitortu du emantzipaziorako estrategia ez dela «hutsetik abiatutako zerbait», baina asmoa dela dokumentu bakar batean biltzea jada martxan dauden neurri batzuk—Gaztelagun programan eta Trapezistak egitasmoan jasotakoak— eta «berriak» diren beste batzuk. Ekarpen fasean da oraindik plana, martxoan behin betiko onartu baino lehen. Orain arte Gazteriaren Kontseiluaren ekarpenak jaso ditu Jaurlaritzak, baina irekia egongo da gazte elkarteen, alderdien eta erakundeenak ere txertatzeko. Otsailaren 7ra arteko epea dago horretarako.

Gazteek gurasoen etxea arinago utz dezaten bideratuta dago plana. Horixe da helmuga. Izan ere, emantzipazio adina berantiarra izateak zuzenean eragiten dio gazteen bizitza proiektuari, eta «belaunaldien arteko desorekak» eragiten ditu, Fernandezek azpimarratu duenez.

Argazki kezkagarria

Emantzipazioa sustatzeko estrategiak argazkia atera dio gazteen errealitateari, ikuspuntu ugaritatik begiratuta. Datuek marrazturiko egoera kezkagarria da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek 24-25 urterekin utzi nahiko lukete gurasoen etxea, baina, batez beste, 30 urte bete arte ez dute hori egiteko aukerarik izaten. Enplegu eta etxebizitza alorretan ere, Europako Batasunaren batezbestekoaren atzetik daude hiru lurraldeetako gazteak: duela bi urte, gazteen okupazio tasa %37koa zen; Europako Batasunean, berriz, %46koa. Langabezia tasan ere handia da aldea: %22koa da gazteen langabezia tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %13,3koa EBn.

Datu horiek aintzat hartuta garatuko ditu gobernuak emantzipaziorako politikak. Hala, datorren urtean abiatuko ditu ekintzailetza, prestakuntza eta etxebizitza proiektuetarako Erronka Demografikoaren Estrategian aurreikusitako mailegu programak. Era berean, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratu ahal izateko adina 23 urtetik 18ra igaroko da, eskatzaileak frogatuz gero gutxienez urtebetez lan bila aritu dela. Gazteriaren aldeko «herri itun bat» ere sustatuko du, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.