Zalantzak dituen oinezko baten gogoetak

2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Genetikoa izan behar du, nonbait; izokinei bezala, korrontearen kontra igeri egitea gustatzen zaigu batzuei. Estrategia armatuaren kritika, Aralar, Iruña-Veleia..., zaildu samartuak gaude antzeko egoeretan. Kezka apur batez, baina iritzi-artikuluak bidali izan ditugu hedabideetara, eta batzuetan argitaratu ere egiten dizkigute. Agindua nion neure buruari ez nintzela lokatzarte honetan sartuko, baina alferrik. Dena dela, aitortu behar oraingo honetan sekula baino arraroago eta bakartiago sentitzen naizela teklak jotzeko orduan, izorratuta gauzkan izurriteaz ez baita ia ezer agertzen hedabideetan, bertsio ofizialaz gain.

Egun hauetan zera entzun behar izaten dut behin eta berriz, nik ezer aipatu gabe ere: «Hartuta izango dituk honezkero txertoaren bi dosiak». Ezetz erantzuten diedanean estralurtar bati bezala begiratzen didate, begiak zabal-zabalik. «Zer, negazionista haiz ala txertoen kontrakoa?», galdera baino gehiago baieztapena, salaketa. Ez naizela ez negazionista eta ez txertoen kontrakoa. Gaitza hemen dugula eta latza dela, eta datozela txertoak, onerako badira. Asko irakurri eta ikusi dudala Interneten indusketak eginez (ez dago erraza, Youtubek eduki kritiko ia guztiak kendu baititu eta Googlek bilaketak ikaragarri zaildu). Bertsio laburra entzun nahi izatera, agian oker egongo naizela, baina txerto hauek ez didatela konfiantzarik ematen, ez zaizkidala behar bezain seguruak eta efikazak iruditzen. Eta «zalantzaren aurrean abstenitu» ikasi genuela Arzalluz eta jesuitengandik. Bertsio luzeak ordu erdi beharko luke gutxienez, baina jendea ez da egoten aditzeko prest, hain dago seguru bere egiaz.

«Hik zer dakik ba honetaz, listopasau halakoa!?», pentsatuko dute askok. Nik ezer gutxi, baina badira zientzialariak, tartean izen handikoak, beren jarrera kritikoa agertu dutenak. Eta entzun beharko zaie haiei ere. Bestalde, gure lagun batek dioen bezala, orkestra batek desafinatzen duela jakiteko ez da Mozart edo Beethoven izan behar. Ez naiz sakontasunetan sartuko. Informazio batzuk ematera mugatuko naiz. Ba al zenekien Euskal Wikipediak Jon Ander Etxebarria Garatez dioena? «Hainbat urtez Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko dekanoa izan da. COVID-19 pandemiaren garaian ezagun egin zen jarrera negazionistak eta antizientifikoak defendatzeagatik [...]. SARS-CoV-2 birusaren existentziaren aurkako eta txertoen aurkako hainbat mezu argitaratu zituen». Ez da egia Etxebarriak gaitzaren existentzia ukatzen duela eta txertoen kontra dagoela (txerto hauen kontra, baizik), behin eta berriz adierazi duen bezala, baina halaxe hasten dira sorgin-ehizak. Eskuin muturrarekin ere lotu nahi izan da bera partaide den Egiaren aldeko Biologoak taldea. Ba al zenekien Etxebarria EH Bilduren Bilboko udal-zerrendan joan zela 2015eko hauteskundeetan?

Ba al zenekien Cristina Martin kazetariak La verdad sobre la pandemia izenburuko hitzaldia eman zuela apirilean Oñatin, eta aurrez haren aurka sekulako kanpaina egin zela, eta hitzaldi-areto aurrean jende mordoxka bildu zela «ultraeskuindarra eta faxista» zela zioten pankartekin, eta gazte borrokalari talde batek antolatua izan zela ekimena? Eta ba al zenekien Cristina Martin zerbaitengatik bada ezaguna Los amos del mundo eta Club Bilderberg liburuak (eta doktorego tesia) idazteagatik dela? Horietan munduko aberatsenek mundua maneiatzeko egiten dituzten bilerak eta estrategiak salatzen ditu, datu ugari eskainiz. Hori idatzi duena ultraeskuindarra bada, ni Kalkutako Teresa.

Ba al zenekien Afrikan, nahiz eta hara txerto gutxi heldu, gaitzaren intzidentzia-tasa oso txikia dela (132.000 hildako, horietako ia erdiak Hego Afrikan; Europan 1.100.000 hil diren bitartean, proportzioan hamabost aldiz gehiago), eta hala ere G7koen goi-biltzarraren erabaki nagusia hirugarren mundura mila milioi dosi bidaltzea izan dela?

Ba al zenekien Txile dela Israelen ondoren txerto gehien jarri duen herrialdea (%56 dosi biak hartuta eta %73 gutxienez bat, ekainaren erdialdean), eta hala ere izurritea kontrolik gabe dabilela? Zifra ofizialen arabera, 7.000 positibo egunero, 3.500 hildako inguru azken hilabetean, ospitaleak lepo eta populazio gehiena konfinatuta? Europako hedabideetan nekez irakurriko da honetaz ezer, bistan dago zergatik.

Luze jarraitu daiteke baalzenekienka, informazioaren gizartean bizi omen garen garai honetan, gaitzaren sorrera, hedabideen kontrola, txertoen esperimentazio-faseak, tronboak eta beste albo-kalte batzuk, farmazia multinazionalen interesak, COVID pasaportea eta abar jorratuz, baina aski delakoan gaude zenbaiten arreta eta beste zenbaiten sumina pizteko. Egoera korapilatsuak bizitzea egokitu zaigu, baina sekula ez dut ezagutu jendea, ezkerreko zein eskuineko, hain alde batera lerratua eta besteen argudioak entzuteko hain gogo gutxirekin. Txertoa omen da gaitzari aurre egiteko bide bakarra. Zuk zer soluzio proposatzen duzu!?

Gaia zientifikoa da batez ere, eta bateko eta besteko zientzialariei entzun beharko zaie. Eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Eztabaida publiko sanoa bultzatu behar da, horretan hedabide independenteek erantzukizun handia dute.

Uda nolabait pasako da, baina ez litzateke harritzekoa izango udazken-negu aldera olatu berriren batek, aldaera indiar edo filipinarrak eta hirugarren dosiak beteko balituzte albistegiak. Nahiago nuke oker banengo eta dena ondo joango balitz, eta gogoeta hauek buruarintzen hasia dagoen agure baten txolinkeriak balira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.