Hizkuntza eskubideak bermatu nafar guztioi

Juantxo Aleman, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agirre
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Utopia al da eskubide linguistikoak nafar guztientzat berma daitezen eskatzea? Badakigu gaiak zailtasun handiak dituela eta korapilatsua dela, hizkuntzen kudeaketa gai errotik politikoa baita beti.

Bat gatoz Eusko Ikaskuntzarekin honetan: euskararen kudeaketa arazo bihurtzen da, besteak beste, azpian nafarren nazio identitateen arteko gatazka dagoelako.

Badago modurik gatazka hori bide demokratiko batera ekartzeko?

Espainia ez da demokrazia itxurazkoa baizik. Frankismoan ditu erro sendoak bere azpiegitura guztietan, bizi-bizi dirautenak. Oso agerikoa da hori Nafarroan.

Demokrazia sano batek ez ditu bere baitako herrien eskubiderik oinarrizkoenak zapaltzen. Espainiako demokraziak, aldiz, sistematikoki zapaltzen ditu, Espainiaren uniformetasun linguistikoaren bila.

Hemen ez dago elkar ulertzen ez duten bi gizarte multzoren arteko gatazkarik: Nafarroan ere, eragile espainiazaleek ekimen planifikatua daramate aurrera euskara behin betikoz herrialde honetatik ezabatzeko, euskaldunen kidegoa deuseztatzeko.

Nafar erdaldunak ez du batere arazorik ez Iruñerrian eta ez Nafarroako Mendialdeko erakunde eta zerbitzu publikoetan hizkuntza dela eta. Nafar euskaldunak, aldiz, oztopo ugari euskaraz eginez gero.Iruñean dago Nafarroako administrazio nagusia, eta nafar guztiek administrazio horretara jo behar dutenez, nafar guztien eskubide linguistikoak errespetatu eta bermatu behar lituzke.

Diskriminazio ageriko horri buelta emateko, neurri politiko-linguistikoak behar dira.

Eragile euskarafoboen jardunari halako begiratu neutral batez heltzen zitzaion Euskara eta konfiantza Nafarroan artikuluan, euskaldunon bazterketa pertzepzioen eremura mugatuz (suminduen talde bat...) eta euskararen ordezkapen prozesu planifikatuaz aipurik batere egin gabe, are gutxiago prozesu horren bultzatzaileez.

Badakigu zailtasun handiko gaia dela. Ondo ezagutzen dugulako Nafarroako egoera, eremuz eremu. Baina, beste esparru batera etorrita, gizartearen bi herenak matxista eta arrazista badira, baztertu behar da gizarte feminista eta ez-arrazista baten nahikundea?

Demokrazia sendo batean, zenbakiak giza eskubideen gainetik daude?

Horregatik Eusko Ikaskuntzaren artikulua kezka handiz irakurri genuen. «Gauzak horrela daude, eta hori kudeatu behar dugu» aditzera ematen da bertan, egoera injustu eta makur hau aldarazteko neurririk proposatu gabe. Jarrera horrek ezinbestean garamatza egungo statu quo-a iraunaraztera eta, gaurko errealitatea arau, argi-egile eta sabai gisa jarririk, injustizia eta zapalkuntza guztiei ez ikusi egitera, kontsentsuaren izenean... Kontsentsua ardatz egungo egoera tamalgarria betikotzeko?

Eusko Ikaskuntzak oraintsu argitaratu duen erantzunean ere, berriro heltzen zaio «suminduen» aipuari eta azaltzen zaigu euskaldun guztiek ez dutela «suminduok» omen dugun pertzepzio hori... Eskerrik asko, baina geuk ere badakigu hori. Gizatalde baztertu guztietan gertatzen den zerbait da, bestalde. Beti izanen da talde handiago edo txikiago bat, bere egoeraz jabetzen ez dena edo normaltzat hartzen duena, baina horrek ez du esan nahi egoeraz kontzientzia dugunok borrokatzeko legitimitaterik ez dugunik. Edonola ere, suminez gabe, suhar nahi genuke Eusko Ikaskuntza gure ondoan, herritar euskaldunen defentsan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.