Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Onintza Enbeita. Kazetaria

«Boterekeria egoeren aurrean denok gara zaurgarri»

Bi urteko pandemiaren errepaso emozional eta soziala da 'Izurritea', pertsonaren, kazetariaren eta begirada kritikoaren ikuspegitik Onintza Enbeitak idatzi duen saiakera-kronika lan laburra.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2022ko urtarrilak 21

Zurien eta beltzen kontaketan zalantzak eta ñabardurak txertatu ditu Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak (Muxika, Bizkaia, 1978) Zorrotz argitaletxe sortu berriarekin kaleraturiko Izurritea saiakera lanean. Zorrotz idatzi du, baina begirada samurra galdu gabe.

Eta halako batean etxeratu zuten jende guztia...

Argi daukadana da duela hogei urte esan izan baligute etxean sartuko ginela gaitz batengatik edo horrelako egoera batengatik, ez genuela onartuko. Iruditzen zait gizartea aldatu egin dela, eta pandemiak bistarazi dituen gauza batzuk aurrez jada aldatuta zeudela.

Zeintzuk?

Uste genuen baino askoz ere indibidualistagoak ginen. Garai batean, komunitateak eraikitzen zituen zubiak; orain, norberak bakarrik. Eta behin norbera zubitik pasatuta, hura dinamitatzeko prest egoten gara askotan. Iruditzen zait nork bere burua salbatzea izan dela lehentasuna.

Eta etorri zen jabetzea jende guztia dela zaurgarri, baina...

Baina batzuk beste batzuk baino gehiago. Sistema kapitalistak pertsona batzuk zaurgarri bihurtzen ditu, gaitu. Hala ere, batzuk besteak baino zaurgarriagoak izan arren, orain arte garaiezinak iruditzen zitzaizkigun zenbait pertsona ere gu bezain zaurgarri izan dira. Alegia, boterekeria egoeren aurrean denok gara zaurgarri.

«Ahoa betetzen dugu zaintzaz, baina...» ...

Zaintza erdigunean jartzearena azken urteetako aldarrikapen interesgarrienetakoa da, feminismoak plazaratua. Pandemian argi bistaratu da elkar zaintzeko beharra, baina ez dezagun ahaztu eraiki dugun gizartea horren kontra doala. Albokoa zaintzeak esan nahi du zure askatasuna mugatzea zenbaitetan. Zaintzaz asko dugu hitz egiteko oraindik.

Zahar etxeetakoa izan da sarraskirik handiena?

Adineko jendearekin egin duguna eta zahar etxeetan egin dena krimen bat da. Haiei galdetu gabe belaunaldi oso bat etxean eta zahar etxeetan sartu eta abandonatu ditugu, kalera ateratzeko aukerarik gabe, bisitak jasotzeko aukerarik gabe... Belaunaldi horri ez diogu galdetu benetan nola bizi duen egoera, eta zer egin nahi duen. 90 urteko bati igual ez zaio batere interesatzen bizitzeko geratzen zaiona eguzkia ikusi gabe pasatzea.

«Ez dakit zergatik kostatzen zaigun hainbeste inork ez daukala errurik onartzea...». Zergatik?

Errudun bat badaukazu, errazagoa da zure egoera justifikatzea. Hau da, lehen gazteek zuten errua, parrandan ateratzen zirelako. Orain, txertatu ez direnei botatzen diegu denaren errua, baina azkenean guk haiek beste kutsatu dezakegu. Errazagoa da gure posizioa justifikatzea bestea errudun bilakatuz.

Heroien eta bilauen joko bihurtu da izurritea?

Bai, baina gure hipokrisia guztiarekin. Hilabeteak pasatu genituen medikuei txaloka. Orain, osasun publikoa eta lehen arreta suntsitu egin dituzte, eta ia inor ez da kalera protestara ateratzen. Orduan, lehen heroiak ziren horiek orain behar gaituztenean, non gaude?

Zalantza eta ñabardura non geratu dira izurrite honetan?

Ez da horretarako aukerarik egon; muturrak zehaztu eta sendotu dira: dena ondo egin duten herritar eredugarrien eta dena izorratu duten herritar gaiztoen artean banatu da guztia. Eta tartea desagertu egin da; batzuentzat negazionista zara, besteentzat tragazionista zara, eta, azken finean, benetako erabakiak libre hartzeko esparrua desagertu egin da. Ñabardurak non geratu diren ez dakit, baina enteratzen bazara abisaidazu bila joateko, zeren eta behar ditut.

Zure posizio politikoa ezkerrekoa da, publikoa eta jakina denez. Liburuan diozu batzuetan «flipatu» egin duzula ezkerraren jarrerekin.

Bai, nik ez diot ezkerrari eskatzen denaren kontra joatea beti, baina eskatzen diot ezkerraren balioak beti defendatzea. Esaterako, osasunerako eskubide unibertsala eta hori bermatu dezakeen sistema publikoa defendatu behar du hortzekin eta dituen tresna guztiekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Ingurukoei maite ditudala esateko modua da poesia»

Unai Etxenausia

Zorione Erezuma olerkigileari barren-barrenetik ateratzen zaio poesia idaztea. Bere olerki ikuskizunak «meditazio bidaia mistiko» moduan definitzen ditu.
Iñaki Zarraoa, Alberto Surio, Josu Ortuondo, Maite Iturbe, Jose Maria Gorordo eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi ohiak eta Andoni Aldekoa gaur egungo zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aldekoak esan du EITBk datozen aldaketei aurre egin behar diela

Urtzi Urkizu

EITBren 40. urteurreneko ekitaldia egin dute, Bilbon. Politika, kultura, gizartea eta ekonomia arloetako 300 gonbidatu inguru bertaratu dira

Haurrak eta Hazi eta Ikasiko boluntarioa eskolako lanak egiten, Morlanseko lokalean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Irakasle, konplize eta bidelagun

Jakes Goikoetxea

Donostiako Hazi eta Ikasi elkarteak eskolako lanak egiten eta ikasten laguntzen die zailtasunak dituzten familietako haurrei. Haurren itxaron zerrenda luzea dute, baina boluntarioak falta dituzte, boluntario euskaldunak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gorka Erostarbe Leunda

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...