Aitor Allende. EAEko Gurutze Gorriko koordinatzailea

«Migratzaileek ez dute aterpetxean egon nahi; ez dute Bilbon geratu nahi»

Migratzaileei harrera ona egiten zaiela uste du Allendek. Azaldu du sakelakoa kargatu eta komunikazioa berreskuratzea dela Bilbotik igarotzen direnen «premia nagusia»: «Hori egin bitartean, atseden hartzen dute; gero, euren bideari jarraitzen diote».
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko uztailak 10
Ohi baino migratzaile gehiago iritsi diren arren, EAEko Gurutze Gorriko koordinatzaile Aitor Allendek (Gasteiz, 1966) ez du uste gainezka daudenik. Datuak eman ditu: 2016an, 6.000ri egin zieten harrera; iaz, 8.000ri; eta, aurten, kopuru bertsuan dabiltza dagoeneko. «Gehienek argi dute helburua: Frantziara, Alemaniara edo Belgikara joan nahi dute. Horregatik, askok uko egiten diote guk eskaintzen dizkiegun baliabideak erabiltzeari. Ez dute hemen geratu nahi. Geratzen direnean, bizpahiru egunerako izaten da, ez gehiago, indarberritzeko».

Zelan jakiten du Gurutze Gorriak migratzaile talde bat iritsi dela?

Normalean, Andaluziako lankideek esaten digute honako bidea hartu duela. Beste batzuetan, beste bide batzuetatik iristen dira, eta zuzenean etortzen dira guregana. Espainia osoan ibili dira, eta badakite Gurutze Gorriak edonon laguntza emango diela.

Espainiako Itsas Salbamenduak erreskatatu eta porturatzen dituenean edo zuzenean euren txalupak hondartzaren batean lur hartzen duenean, zer gertatzen da? Zein da protokoloa?

Laguntza humanitarioa eskaintzen zaie. Normalean manta bat ematen zaie, edaria —zukuak eta ura— eta jatekoa. Minutu gutxi ditugu antolatzeko. Segidan, estatuko segurtasun indarren esku geratzen dira. Haien zaintzapean egoten dira 24 eta 48 ordu bitartean; gehienez, 72 ordu. Ondoren, elkarteen esku uzten dituzte; normalean, Gurutze Gorria. Guk gure baliabideen berri ematen diegu. Badira laguntzari uko egiten diotenak, euren bidea segitzeko. Halakoetan, egin nahi duten bidaia hori prestatzen laguntzen diegu guk, eta biderako ogitartekoa eta ura ematen diegu. Hala iristen dira Euskal Herrira.

Nork erabakitzen du nora joango diren? Migratzaileetako batek BERRIAn kontatu du Almeriatik Bartzelonara bidali zuela Gurutze Gorriak, berak hala erabaki ez zuen arren.

Gurutze Gorriak ez du erabakitzen. Ez dut uste kasu horretan ere horrela izango zenik. Bidaiarekin jarraitzeko Gurutze Gorriak Andaluzian eskaintzen dizkien baliabideei uko egin behar diete. Ondoren, joango diren leku horretan ezagunak edukitzea eskatuko zaie. Hara: Bilbora egunotan iritsi diren 50 lagun inguruko talde hauek hogei minutu baino lehen desegin dira. Zergatik? Ezagunak etorri zaizkielako bila.

Harrera hobetzeko bileretan zabiltzate erakundeekin. Orain arte zer eskaintzen zenuten?

Larrialdi egoeretarako baliabideak beti eduki ditugu. Gurutze Gorriak 200-250 ohe ditu probintzia bakoitzean, eta une batzuetan 1.000 izan daitezke. Egia da gure errealitatea eta Andaluziakoa ez direla parekoak: haiek unitate bereziak dituzte; eta guk, ez. Zergatik? Haientzat migrazioa larrialdi soziala delako. Gurera oso gutxi iristen ziren, eta inoiz ez dugu eduki halako dispositibo bat martxan jartzeko beharrik. Bilbon, bagabiltza beste espazio bat muntatzen. Baina kontuz. Sor dezakegu 5.000 lagunentzako zentro berri bat? Bai. Baina behar dugu? Ez dut uste. Gure errealitatea bestelakoa da. Migratzaileek ez dute Bilboko aterpetxe batean egon nahi; ez dute hemen geratu nahi. Lehen harrerarako lekuak gehituko dira. Ahaleginduko gara hiru hiriburuetan 50 bat leku edukitzen. Bilbon, ehun izango dira, bi lokaletan banatuta. Bata orain arte neguan etxegabeekin erabiltzen genuena da, eta beste bat 40koa.

Zer baldintza bete beharko dituzte aterpetxea erabiltzeko?

Andaluziako kostaldean egon direla frogatzen duen agiria, han ematen dietena. Hiru egunez erabili ahal izango dute gehienez. Izan ere, pertsona hauek lehenengo eskatzen dutena sakelakoaren bateria kargatzea eta wifi konexioa izaten da. Horrek erakusten digu komunikazioa berreskuratzea dela premia handiena. Hori egin bitartean, atseden hartzen dute, eta, ondoren, euren bideari jarraitzen diote. Bitartean, guk lotarako, jateko eta garbitzeko aukera emango diegu. Osasun arta ere eskaintzen da; kasu batzuetan beharrezkoa izaten da.

Azken egunetan, migratzaileei egiten zaien harrera salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Zuen lana auzitan ipini dela sentitu duzue?

Dena jar daiteke auzitan, baina harro gaude egindakoaz. Lan itzela egiten ari gara. Arlo teknikoan esfortzu handia egin da; eta, boluntarioen aldetik, gehiago. Beste elkarte batzuek ere harrera egin nahi dutela? Ondo, baina erantzukizunez egin behar da, pertsonak beste helburu batzuetarako erabili gabe, inor estigmatizatu gabe. Pertsona askeak dira, eta dagozkien eskubideak bermatu behar zaizkie.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna