Tentsio handiko guneetan esku hartzea eskatu du legebiltzarrak

Gune horietan «alokairu eskuragarriak» bermatzea babestu dute EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk. Oposizioak bat egin du sindikatuek Osakidetzaren lan eskaintzari egindako kritikekin

Etxebizitza bat alokairuan, Donostian. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Alokairu pribatuen prezioa arautzeari begira, urratsak egiten hasteko eskatu die Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei. Zehazki, galdegin die«beharrezkoak diren lan tekniko guztiak» egin ditzatela etxebizitza bakoitzeko diru sarrerei eta aitortutako alokairuei buruzko informazioa trukatzeko, eta, era horretan, tentsio handiko eremuetan esku hartu eta alokairuen prezioak «eskuragarri» izan daitezen bermatu dezatela,horiek izoztuta edo jaitsita. Horrez gain, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio «politika integralak» abian jar ditzala gazte guztiek «baldintza duinetan emantzipatzea» lor dezaten.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk etxebizitzari buruzko mozio bana eraman zuten atzo osoko bilkurara, eta, azkenean, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako testu batek egin zuen aurrera. EH Bildu abstenitu egin zen, eta aurka bozkatu zuten PPk eta Voxek. Eztabaidan, hizpide izan zuten PSOEk eta Unidas Podemosek Espainian hitzartutako etxebizitza legea. Printzipioz, legeak ez du zuzeneko eraginik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, etxebizitza politiken gaineko eskumenak dituelako Jaurlaritzak, baina atzoko eztabaidan Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk azpimarratu zuten legeari esker Jaurlaritzak «tresna berriak» izango dituela alokairuen merkatua erregulatzeko.

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen iritziz, lege berriak eskumen gehiago emango dizkio Eusko Jaurlaritzari etxebizitza alorrean, eta modua emango dio tentsioan diren merkatuak deklaratzeko.

EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazen ustez, ordea, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak alokairuen prezioak mugatzeko lege mekanismo propioak berehala ezartzea, Madrilen onartuko den legearen esperoan egon gabe. Ideia bera defendatu zuen EAJko Irune Berasaluzek ere; haren ustez, beharrezkoa da «lege propio bat» izatea alokairuen prezioak mugatzeko.

Lan eskaintza hizpide

Gainera, sindikatuek Osakidetzaren lan eskaintza publiko berriari egindako kritikei batu zitzaizkien EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP. Hiru taldeok salatu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez duela bilatu sindikatuen babesik lan eskaintza egiteko irizpideen inguruan, eta uko egin diola irregulartasunak eragozteko neurriak hartzeari. EAJk eta PSE-EEk, berriz, Osakidetzari eskatu zioten lan eskaintza «berdintasunez eta gardentasunez» egitea berma dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.