Albistea entzun

Jaurlaritzak ituna eten egingo die sexuka bereizten duten eskolei

Hurrengo ikasturtetik aurrera kenduko zaie finantzaketa. Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla
Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, Irunen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean.
Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, Irunen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko otsailak 1 - Gasteiz

Datorren ikasturtetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak ez die diru publikorik emango ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei. Ituna eteteko erabakia hartua du Hezkuntza Sailak, eta indarrean sartzeko konpromisoa agertu zuen atzo Jokin Bildarratz sailburuak: «Ezin da egon finantzaketarik ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Eta guk hori aplikatuko dugu». Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian egin zuen iragarpena Bildarratzek, kazetarien galderei ihardetsita. Izan ere, ordu batzuk lehenago, Gazteluetako eskola erlijiosoan (Leioa, Bizkaia) adingabe izanda sexu abusuak jasan zituen gizona Eusko Legebiltzarreko batzorde batean izan zen, eta ondoren komunikabideei egindako adierazpenetan, kritika gogorrak egin zizkion Jaurlaritzari, finantzatzen jarraitzen duelako Opus Deiren zentro hori.

Nafarroako Gobernuak bide beretik doan erabaki bat hartu zuen astelehenean. Zehazki, iragarri zuen irailetik aurrera ez dituela diru publikoarekin finantzatuko batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuak.

LOMLOE Espainiako hezkuntza legeak 2020ko abenduan onartu zutenetik, debekatu egiten du neskak eta mutilak banatzen dituzten eskolak diruz laguntzea, baina Bildarratzek atzo argudiatu zuen arauaren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epai bat kaleratu zuelako eta azken bi urteotan legearen aurretik egindako itun bat indarrean izan direlako jarraitu dutela ikastetxe horiei dirua ematen. Hurrengo ikasturtetik aurrera, baina, finantzaketa hori etengo du Jaurlaritzak, Espainiako hezkuntza legeak, itun berrien inguruan Jaurlaritzak egindako aginduak eta EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroak debekatu egiten dutelako sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak diru publikoaz finantzatzea.

Sei ikastetxe itundurik

Ikasleak sexuka bereizten dituzten sei ikastetxe ditu itundurik Eusko Jaurlaritzak: lau Bizkaian daude —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, eta bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—. Neskek soilik ikas dezakete Arangoyan, Ayalden eta Eskibelen, eta mutilak soilik hartzen dituzte Munabek, Gazteluetak eta Erainek. Ikastetxe horietan ez dira ikasleak sexuka banatzen Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzatik aurrera baizik, baina zehazteko dago ituna zer etapatan eta nola kenduko duten. Sailburuak azaldu zuen dagoeneko jakinarazi zaiela ikastetxe horiei Jaurlaritzaren erabakia zein den.

Ikastetxe horiekin harremanetan da Hezkuntza Saila, «ahalik eta modu adostuenean» egiteko prozesu hori guztia. Bildarratzek azaldutakoaren arabera, prozesua «berme juridikoekin» eta «curriculumaren garapenean eta hezkuntza integralean ahalik eta eragin txikienarekin» ezartzeko modua adosten saiatuko da Jaurlaritza. Erantsi zuen Jaurlaritzak ez duela «ulertzen» sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeek finantzaketa jasotzea: «Uler dezakegu familia batzuek banaketa egon behar dela uste izatea, baina ulergaitza da administrazio publiko batek horrelako sistema bat aplikatzen duten ikastetxeak finantzatu behar izatea».

Hezkuntza legearen epeak

Hezkuntza Lege proiektuari dagokionez, berriz, Bildarratzek ziurtatu zuen epeak beteko direla eta 2023ko lehen hiruhilekoan onartuko duela gobernu kontseiluak. Jakinarazi zuen, halaber, lege horren lehentasunen artean egongo direla ikastetxe publikoetako azpiegituretan inbertsioak egitea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosako Laskorain ikastola, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Matrikulazioan gardentasun handiagoa eskatu diote eragileek Hezkuntza Sailari

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak esan duenez, gardentasunik ezean ez dute ikaslerik bidaliko beste zentroetara. EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio legea betetzeko
Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko kontzentrazioko artxibo irudia. ©E. PORTILLO

Emakume bat larri dago bikotekide ohiak jipoitu eta hari su eman ostean

Edu Lartzanguren Maite Asensio Lozano Javi West Larrañaga

Andrea oso larri dago, Gurutzetako erredura larrien unitatean. Bikotekide ohia 63 urteko gizonezko bat da, eta etxean egin dio eraso
Manifestazioa Donostiako EHUko campusetik irteten, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Jone Arruabarrena

Seinalatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoela, eta greba antolakuntzan «oztopoak» jarri dizkietela ere salatu dute
Navarra Suma taldea, osoko bilkuran xenofobiaren aurkako legea eztabaidatzen ari zirenean. ©NAFARROAKO PARLAMENTUA

Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute, Navarra Suma gabe

Ion Orzaiz

Arau berriaren helburua izanen da «pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzea» eta «administrazioaren bazterkeria» eragoztea. Navarra Sumak ez beste talde guztiek babestu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.