Albistea entzun

Hiru greba eta hamaika mobilizazio: Nafarroa, marea zuri baten atarian

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, batetik, eta SATSEk, bestetik, lanuzteak antolatu dituzte datozen asteetarako. Sindikatu Medikoa eta Nafarroako Gobernua, ados jarri ezinik
LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOOko ordezkariak, atzo, Iruñean.
LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOOko ordezkariak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko otsailak 3 - Iruñea

Arazoari garaiz heldu ez eta eskuetan lehertu zaio Nafarroako Gobernuari. Sindikatu Medikoaren grebak ez du etenik, oraingoz, antolatzaileek ez baitute negoziazioetan aurrera urratsik antzeman. Su hori itzali aurretik, baina, beste bi piztu zaizkio Osasun Departamentuari: alde batetik, Osasunbideko sindikatu gehienek —LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk— grebara deitu dituzte osasungintzako langile guztiak, otsailaren 15erako. SATSE erizaintza sindikatuak, berriz, mobilizazio estrategia propioa ondu du, eta iragarri du hainbat lanuzte eta protesta eginen dituela otsailaren 18tik aurrera. Azken hamar urteetako mobilizazio sorta handiena izan dezake Nafarroako osasun sistema publikoak datozen asteetan.

Nola heldu da osasun sistema honaino?

Aspaldikoa da osasun langileen haserrea: aldarrikapen askok jatorria dute aurreko krisi ekonomikoaren ostean ezarritako murrizketetan; beste arazo batzuk —medikuen eskasiarena, adibidez— are zaharragoak dira. Hala ere, COVID-19aren izurriak, alde batetik, eta Osasunbideko arduradunen jokabideak, bestetik, hauspotu egin dute ezinegonaren sua.

«Pandemiaren ondorioz, agerian gelditu dira bai osasun sistemaren egiturazko defizitak eta bai lantaldeak dituen arazo larriak», azaldu zuten Osasunbideko sindikatuek atzo, otsailaren 15eko grebaren aurkezpenean. Sindikatuon irudiko, «zinismo handiz» jokatu dute bai Espainiako Gobernuak bai Nafarroakoak: «Jendaurrean esaten dute zerbitzu publikoen alde daudela eta, aldi berean, langile publikoak pobretze bidean jartzen dituzte, haien lan baldintzak gero eta gehiago hondatuta».

Zergatik hiru greba, eta ez bakarra?

Bakoitzak helburu, aldarrikapen eta zio ezberdinak dituelako. Nafarroako Sindikatu Medikoa izan zen mugitzen lehena: giro nahasia eta maiatzeko hauteskundeen gertutasuna baliatuta, greba mugagabera deitu eta, horri esker, negoziazio bide esklusibo bat zabaldu zuen Nafarroako Gobernuarekin, bere aldarrikapenak Osasunbideko mahai sektorialaren eta Funtzio Publikoko mahai orokorraren galbahetik pasatu gabe.

Horrek haserrea eragin du gainerako sindikatuen artean. Atzo, greba deialdi propioa egin zuten LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk elkarrekin, eta horixe aipatu zuten grebarako motiboen artean: «Nafarroako Gobernuak negoziazio mahaiak debaluatu ditu, megafonia aparatu huts bat balira bezala erabiltzen baititu. Eta larriagoa dena: sindikatuekiko konfiantza giroari traizio egin diote». Zehazki, salatu zuten Nafarroako Gobernuak legealdi osoa eman duela «sindikatuen eskakizunei ezetz esaten», baina men egin diela Sindikatu Medikoaren aldarrikapenei. «Esaten ziguten legez ezinezkoa zela soldatak igotzea, eta orain, kolektibo profesional jakin batzuetarako igoerak proposatzen dituzte».

SATSEk, berriz, mobilizazio sorta propioa iragarri du. Alde batetik, txarretsi egin du Osasun Departamentuak eta Sindikatu Medikoak aldebiko negoziazioari lotu izana, horrek «negoziazio foroen perbertsioa» eta «interes partikularrak lehenestea» dakarrelakoan. Bestalde, ez du gehiengo sindikalaren deialdiarekin bat egin nahi izan, erizainen kolektiboaren egoera «berezia» delako, eta, azaldu dutenez, «horrek konponbide bereziak eskatzen dituelako».

Afapna, azkenik, mobilizazio guztietatik kanpo gelditu da oraingoz. LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOOrekin batera greba prestatzeko bileretan parte hartu zuen, baina atzoko agerraldian jakinarazi zutenez, «azken unean erabaki du atzera egitea eta greba bateratua ez babestea».

Zer eskatzen dute batzuek eta besteek?

Otsailaren 15eko grebaren antolatzaileek salatu dute Osasunbideko lantaldea «erabat desmotibatua, engainatua eta gutxietsia» sentitzen dela. Datozen egunetan zehaztuko dituzte Osasun Departamentuari helarazi dizkioten eskakizunak, baina aurreratu dute «lan baldintzei eta osasun arretaren kalitateari lotuak» egonen direla, «soldatei baino gehiago».

Sindikatu Medikoaren aldarrikapenek, berriz, gutxi dute sistema publikoaren defentsatik: soldata igoera eskatzen dute, eta medikuek ezarria duten esklusibotasuna kentzea, sare publikoan eta pribatuan jardun ahal izateko, baina esklusibotasun horrek dakarren diru sariari uko egin gabe.

SATSEk, azkenik, eskaera zehatz bat egin du, mobilizazioei ekin aurretik: erizainei A graduko funtzionario izaera aitor diezaietela, medikuen eta irakasleen pare.

Zein izan daiteke protesten eragina?

Zaila da olatuak hartuko duen tamaina igartzea, faktore asko baitira aintzat hartu beharrekoak. Guztira, 13.000 langile ditu Nafarroako osasun sistemak. Horien artean, LAB da sindikatu handiena, 13 ordezkari lortu baitzituen 2019ko hauteskunde sindikaletan; haren atzetik, berdinduta dira SATSE eta Sindikatu Medikoa, 12na eledunekin. UGTk, Afapnak eta SAEk seina ordezkari dituzte; bost ELAk; eta CCOOk lau ditu.

Protestara deitu duten sindikatuen artean, beraz, LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO biltzen dituen multzoa da mobilizazio ahalmen handiena izan dezakeena. 2013an, jendetza atera zen kalera Nafarroako osasun sistema publikoaren defentsan eta UPNren gobernuak ezarritako murrizketen kontra. Argazki hori eragotzi nahi du Maria Txibiteren gobernuak, hauteskundeetarako lau hilabete falta direla.

Hortik harago, baina, agerikoa da lanuzte masibo batek izan dezakeen eragina dagoeneko kinka larrian den osasun sistema batean eta, batez ere, Lehen Arretan: gaur egun, 60.000 pertsonatik gertu dira itxaron zerrendetan, eta, ziurrenik, kopuru horrek gora eginen du datozen asteetan.

Noiz arte iraunen dute protestek?

Ez dirudi berehalakoan bukatuko direnik. Sindikatu Medikoaren deialdiari dagokionez, gaur du hirugarren eguna lanuzteak, eta parte hartzea gero eta apalagoa bada ere —lehen egunean, 203 medikuk bat egin zuten grebarekin; atzo 153 izan ziren, guztien %6,73—, aldarrikapenei eutsi die sindikatuak, eta adierazi du ez duela greba bertan behera uzteko asmorik.

Osasunbideko gehiengo sindikalak otsailaren 15erako antolatutako greba, berriz, egun bakarrekoa izanen da, sindikatuek Osasun Departamentuarekin negoziatzeko esperantza baitute, baina ordurako aurrerapausorik sumatzen ez badute, ez dute baztertu greba mugagabe bihurtzea.

Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek heldu den astean eginen dute hurrengo agerraldi bateratua: hilaren 10ean, elkarretaratzea eginen dute Vianako Printzea kontsultategien aurrean, grebari lotutako aldarrikapenak aletzeko. SATSEk, berriz, manifestazioa eginen du hilaren 18an eta, hortik aurrera, egun bateko grebak eginen ditu, baina ez du zehaztu noiz. Sindikatu Medikoa eta Osasunbidea gaur bilduko dira berriz, egoera onbideratzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...