Unai Hualde izango da presidentea parlamentuan, bigarrenez

UPNk bi kide izango ditu mahaian, eta Geroa Baik, PSNk eta EH Bilduk, bana. Hualdek adierazi du «ohorea» dela eta lehendakari elebiduna egongo den hirugarren legealdia izango dela hau

Unai Hualde, atzo, Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berritan, legebiltzarkideen txalo artean. JESUS DIEGE / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hasi da ofizialki XI. legealdia Nafarroan. Behin 50 parlamentariek karguaren zina egin ostean, parlamentuko lehendakaria aukeratu zuten atzo. UPNk eta Geroa Baik hautagai euskaldunak aurkeztu zituzten: lehenak, Iñaki Iriarte; bigarrenak, aurreko egunetan iragarri bezala, Unai Hualde. Bozketan, EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea gailendu zitzaion Iriarteri, eta beste lau urtez gidatuko du erakunde hori. Hualdek Geroa Bairen, PSNren, EH Bilduren eta Zurekin Nafarroaren 30 botoak jaso zituen, eta Iriartek, berriz, UPNren eta PPren hemezortzi botoak —Voxek zuri bozkatu zuen—.

Aurreko legealdiko parlamentua desegin eta hilabete eta erdira berrekin dio ohiko jarduerari legebiltzarrak. Atzokoa saio berezia zen. Legebiltzarkide beteranoen aurpegietan segurtasuna nagusi zen bezala, hasiberrien artean urduritasuna antzeman zitekeen. Gobernua osatzeko negoziazioetan Geroa Bairen eta PSNren artean agerian gelditutako tentsioen testuinguruan etorri zen osoko bilkura berezia. Eta, horri guztiari, Vox-eko bi ordezkarien presentzia gaineratu zitzaion. Izan ere, aurreko hamar legealdietan ez bezala, eskuin muturrak eta haren agenda atzerakoiak tokia izango dute.

Gonbidatu ugari

Ikusmina handia zen, eta gonbidatuen harmailak bete egin ziren.Han ziren Iruñeko alkategaiak, zeinak gaur komunikabideen eta herritarren arreta bereganatuko duten: UPNko Cristina Ibarrola, EH Bilduko Joseba Asiron, PSNko Elma Saiz, Geroa Baiko Koldo Martinez eta PPko Carlos Garcia Adanero.

Gainera, han izan ziren, besteak beste, EH Bilduko Bel Pozueta eta Miren Zabaleta, Koldo Leoz Lizarrako alkatea, PPko Sergio Sayas, Enrique Maia Iruñeko jarduneko alkatea, Ahal Dugu-ko Mikel Buil eta Idoia Villanueva, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkaria, eta Jon Gondan Zizur Nagusiko alkatea. PPrekin Espainiako hainbat erkidego eta udal negoziatzen ari diren honetan, Voxek Antonio Garriga idazkari nagusia bidali zuen.

Saioa adin mahaiak zuzendu zuen, eta, zaharrena denez, Vox-eko Emilio Jimenezi egokitu zitzaion lema hartzea, bi parlamentari gazteenek inguraturik —PSNko Kevin Lucero eta EH Bilduko Irati Jimenez—. Eskuin muturreko ordezkariak ez zuen ezer aipagarririk egin, baina «Gora Espainia» batekin egin zuen zina. EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako parlamentariek «legeak behartuta» formula erabili zuten.

Gero, mahaiko bost kideak hautatu zituzten. Presidentearen bozketan, PSNk hitza bete zuen, eta haren alde egin. EH Bilduk bezala. Presidenteordeak hautatzeko bozketan, berriz, Geroa Baik gauza bera egin zuen, eta hala, PSNko hautagaia UPNkoari gailendu zitzaion —21 boto alde eta 18 kontra; EH Bilduk eta Vox-ek zuri bozkatu zuten—. Ondorioz, PSNko Ainhoa Unzu izango da lehen presidenteordea, eta Juan Luis Sanchez Muniain bigarrena.

Idazkarien kasuan, berriz, ordura arteko dinamika aldatu egin zen, eta, Voxek, EH Bilduko hautagaiari bidea oztopatu nahirik, UPNko hautagaiaren alde egin zuen. PSN abstenitu egin zenez, UPNk hogei boto lortu zituen, eta EH Bilduk hemeretzi. Hartara, Pedro Gonzalez izango da lehen idazkaria, eta Arantxa Izurdiaga bigarrena.

Saioaren amaieran, Hualdek hartu zuen hitza, eta adierazi zuen «ohorea» zela kargu hori izatea, aurreko legealdian bezala. Pozik azaldu zen legebiltzarrean presidente elebiduna izango den hirugarren legealdia izango delako, eta, beraz, segida emango zaiolako Ainhoa Aznarezek 2015ean hasitako bideari.

Azkenik, nabarmendu zuen mahaia «plurala» izango dela eta «indar aurrerakoiek gehiengoa» dutela hartan. Gehiengo horrek badu garrantzia, ohiko funtzionamenduaz ez ezik, parlamentuko gaiei bide emateaz ere arduratzen baita mahaia. Hualdek espero du atzokoak esanahi politikoa izatea: «Mahaiaren aukeraketa lehen urratsa izan daiteke Nafarroan erakunde aurrerakoi eta pluralak eraikitzeko».

«Arauak ezin dira aldatu»

Guztia amaituta, PSNko Ramon Alzorrizek esan zuen modua eman zutela mahai plurala izateko, eta gaineratu «batuta eta indarrez» egingo dutela aurrera. «Erakutsi dugu ez dugula konpromisorik urratu; alderantziz, [Maria] Txibite lehendakari egingo duen gehiengo aurrerakoi baten aldeko konpromisoa adierazi dugu». Geroa Baiko Uxue Barkosen ustez, ordea, Hualde lehendakari egiteak ez du ezer aldatu: «Norbaitek arauak hausten baditu, egoera bideratzea dagokio».

PSNk eta Geroa Baik bat egin zuten salatzeko orduan idazkarien aukeraketan Voxek UPNren hautagaiaren alde egin zuela. «UPNk, behar izan duen lehen aldian, Voxen botoak eskatu, erabili eta baliatu ditu», kritikatu zuen Barkosek. Alzorrizen arabera, San Adriango Udalekoa eta atzokoa ikusita, UPNk akordioa du eskuin muturrarekin. UPNko Javier Esparzak ukatu egin zuen: «Gezurra da. Gezur guztien artean, beste bat gehiago. Ez da sinesgarria. Esango nuke zentzugabekeria hutsa dela hori esatea».

EH Bilduko Laura Aznalek azpimarratu zuen Nafarroako gizarteak ez duela betorik onartzen, eta indar aurrerakoi guztien arteko elkarrizketaren alde egin zuen:«Arduraz jarduteko garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.