Urak nahasirik Fukushiman

Zoritxarreko zentral nuklearraren operadorea lehenbiziko probak egiten hasia da ur erradioaktibo tratatua Ozeano Barera isurtzeko. Inguruko arrantzaleek irmo adierazi dute horren kontra daudela, baita Hego Koreak eta Txinak ere. Japoniako Gobernuak baieztatu du urak isurtzea arrunt segurua dela.

Ur erradioaktibo tratatua Ozeano Barera isurtzearen aurkako manifestariak, herenegun, Tokion egindako protesta batean. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Fukushimako zentral nuklearraren operadorea, TEPCO Tokyo Electric Company Holdings, probak egiten hasi zen ekain erdialdean ur gezarekin, ur erradioaktibo tratatua itsasora isurtzeko. Inguruko arrantzaleak eta auzo herrialdeak, ordea, plan horren kontra agertu dira arrunt. Horiek hala, Fukushimako hondamendi nuklearra gertatu zenetik hamabi urte pasatu diren honetan, Japonia prestatzen hasia da ur erradioaktibo tratatua ehunka mila litro, hain zuzen ere Ozeano Barera isurtzeko. 2021ean, gobernuak eta zentralaren operadoreak, hau da, TEPCO enpresak iragarri zuten aurtengo udaberrian hasiko zirela ur tratatuz beteak dituzten biltegiak husten: milatik goiti dira, eta 1,3 milioi tona ur biltzen dituzte, hots, bostehun olinpiar igerileku betetzeko bezainbat.

Kontuan hartuta berehala isuri gogo dituztela ur horiek, larritasuna zabaldu da berriz ere arrantzaleen artean eta auzo herrialdeetan. Ekain erdialdean, Yasutoshi Nishimura Japoniako Industria ministroak bilera bat egin zuen, kostaldeko Mito hirian, proiektuak eragindako prefekturetako arrantzale kooperatiben arduradunekin, eta azpimarratu gobernuak egoerari dagozkion neurri guztiak hartuko dituela, eta behar bezala emanen diela horien berri arrantzaleei.

Gaineratu zuenez, behin eragile denek informazio guzia eskuratua dutenean hasiko dira ur tratatua isurtzen. Bertzalde, Greenpeacek azaldu zuen litekeena dela askatuko den erradioaktibitate horrek giza DNA bera aldatzea ere, eta Txinak eta Hego Koreak, berriz, kezka agertu zuten, isurketek elikaduran eragin dezaketelakoan.

Auziak bati baino gehiagori larritasuna piztu badie ere, Japoniako Gobernuak, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eta hainbat zientzialari independentek jakinarazi dute isurketa planifikatua zentzuzkoa dela, baita segurua ere. Gobernuko zenbait arduradunen hitzetan, Advanced Liquid Processing System (likidoak prozesatzeko sistema aitzinatua) izeneko teknologiaren bidez tratatu dute ura, eta horrek elementu kutsagarri gehienak desagerrarazten ditu.

Tritioa, arazo iturri

Tritioa da tratamenduaren ondotik uretan gelditzen den gai kutsagarri nagusia: zehazki, hidrogenoaren aldaera erradioaktibo bat da, uretatik desagerrarazten zaila, eta, gaur-gaurkoz, ez dago haren arrastoak arrunt desagerrarazten ahal dituen teknologiarik; gainera, ehun urte ere iraun dezake. Nolanahi ere, adituen erranetan, nazioarteko estandarretan zehaztua dago jada tritioa zer kantitatera bitarte den segurua, bertze elementu erradioaktibo guziekin gertatzen den bezala. Likidoetako erradioaktibitatea becquereletan neurtzen da. Neurketa horretan islatzen da zenbateko erradiazio ionizatzailea askatzen den elementu batek hala nola tritioak espontaneoki energia igortzen duenean atomo ezegonkor baten desintegrazio erradioaktiboaren eraginez.

Urak isuri aitzinetik, Japoniako Gobernuak nabarmendu du litroko 1.500 becquereleko kontzentrazioa onartuko duela gehienez, hots, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako muga baino zazpi aldiz apalagoa; izan ere, erakunde horrek ontzat jotzen du 10.000 becquerelerainoko kontzentrazioa edateko urari dagokionez. Gainera, Japoniako agintariek azpimarratu dute gainbegiratze lana erakunde independente batek eginen duela, IAEAk, eta, beraz, hark bermatuko duela beharrezko baldintza guziak betetzen direla ur isurketak abiatu aitzin.

Halere, tritioaren kasua arrunt berezia da, zientzialarien erranetan atmosferako prozesu naturalek 50-70 petabecquerel tritio sortzen baitituzte urtean. Hots, 150-200 gramo tritio sortzen dira modu naturalean. Tokiok azaldu duenez, Ozeano Barean 8,4 kilogramo tritio daude (3.000 petabecquerel), eta Fukushimako ur kutsatuetan, berriz, 3 gramo denera; hala, bi datuak konparatuz, Japoniako Gobernuak irizten dio Fukushimako uretako tritio kantitatea «hutsaren hurrengoa» dela.

Gainera, Japoniako agintariek azaldu dute ez dutela asmorik biltegiratutako ur guzia kolpe bakarrean isurtzeko; zehazki, urtean 0,06 gramo (0,022 petabecquerel) bota gogo dituzte itsasora, eta «hutsaren hurrengoa» da hori ere, gobernuko adituen arabera. BERRIAren galderei erantzunez, energiaren arloko aditu batzuek adierazi dute Europako, Txinako eta Hego Koreako zenbait zentral nuklearrek itsasora isurtzen duten tritio kantitatea Fukushiman urtero isuriko dena halako bi edo hiru dela, eta, halarik ere, oraingoz ez dela antzeman horrek sortutako kalterik ez inongo komunitatetan, ez ingurumenean ere.

Palau salbuespen

Nahiz eta Txinak eta Hego Koreak kezka adierazi duten Japoniak ur tratatua itsasoan isurtzeko asmoa duela ikusita, berriki Japoniara egindako bisita batean Surangel Whipps Jr. Palauko presidenteak erran zuen konprenitzen duela erabakia, eta konfiantza duela Tokioren asmoetan.

Txinak «arazo larritzat» jo du isurketen afera, osasunari eta giza segurtasunari eraginen dielakoan, eta Hego Korea ere hagitz kezkatua agertu da, baina Whippsek, aldiz, konfiantza erakutsi dio Japoniari, haren herrialdea izanik ere isurketa nuklearren eragina zuzenean nabarituko luketenetako bat, uste baitu Tokio egiatan konprometitua dela zientzia eta teknologia erabili eta, horien bidez, ur isurketak seguruak direla bermatzeko.

Preseski, Whipps da 2011ko lurrikaraz eta tsunamiaz geroztik Japoniako adituen azalpenak bertatik bertara aditu dituen eta Fukushimako zentral nuklearra bisitatu duen atzerriko lehenbiziko estatuburua, asteartean izan baitzuen horretarako aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.