Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Desinfekzioa edonon

2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Konfinamendutik ateratzeko egoera berri honetan dendak eta negozio txikien irekierak bertako desinfekzioaren garrantzia lehenetsi eta areagotzen du.

Desinfekzio hori burutzeko biozidak behar dira, hau da, gizakiarentzako kaltegarriak diren mikroorganismoak kontrolatzeko beharrezko produktuak, eta, horien barnean, biruzidak izenekoak SARS-CoV-2 suntsitzeko gai dira. Baina produktu horiek, dituzten ezaugarriengatik eta erabilerarengatik, arriskutsuak izan daitezke gizakiarentzat, eta, beraz, ezin da edozein eta edonola erabili; erabilera hori guztiz araututa egin behar da.

Azken egunetan Trumpi entzun diogu gaixo bati argi ultramorea edo desinfektatzaile bat sartu ahal zaiola xiringa baten bidez birusa hiltzeko. Hori oso kaltegarria da osasunarentzat, eta, izatez, badaude hainbat pertsona berari kasu egin ondoren intoxikatu egin direnak.

Aldi berean, ozonoa erabiltzea desinfektatzaile bezala boladan jarri da hainbat berritan. Gaur egun, ez dago pertsonen gainean lainoztatuz erabiltzeko baimena duen produktu biruzidarik. Beraz, tunel desinfektatzaileetan iragartzen den aplikazio-teknika hori, bereziki ozonoa erabiliz, ezin da inola ere erabili pertsonengan. Esate baterako, ozonoa ezin da pertsonen aurrean aplikatu; aplikatzaileek babes-ekipo egokiak izan behar dituzte. Substantzia kimiko arriskutsua denez, ondorio kaltegarriak eragin ditzake —arriskutsua da arnasketaren bidez, azala narritatzen du eta begietako mina eragiten—, eta desinfektatutako lekua behar bezala aireztatu beharko da erabili aurretik.

Denda eta negozio txikien desinfekzioa egunero gutxienez birritan egin beharko da, eta, bereziki, arreta jarri behar zaie ukipen-gainazal ohikoenei, hala nola ate-heldulekuak, mostradoreak, altzariak, makina banatzaileak, zoruak, telefonoak, pertxak, orgak eta saskiak, txorrotak eta antzeko ezaugarriak dituzten beste elementu batzuk. Hori egiteko erabili daitezkeen desinfektatzaileen barnean arrunta den lixiba diluitua dago (litro bat lixiba 50 litro uretan) edo ur oxigenatua edo etanola, besteak beste. Negozio hauetako langileek, desinfekzio hori burutzeko norbera babesteko ekipoak jantzita egin beharko dute, eta, bukatzean, modu seguruan bota behar dituzte. Ondoren, eskuak ondo garbitu.

Horrez gain, funtsezko beste neurria litzateke bezeroek kaletik lokaletara sartzen direnean eskuen higienea egitea, ur eta xaboiz edo gel hidroalkoholikoz.

Maskarei dagokienez, asko erabilera bakarrekoak dira, baina berriz erabiltzeko diren higiene-maskaren desinfekzioa egiteko hainbat prozedura daude: detergentearekin eta urarekin hirurogei gradutik gorako tenperaturan garbitu, maskarak murgildu lixiba diluituan hogeita hamar minutuz, edo salgai dauden produktu biruzidak erabili eta ondoren ur eta xaboi askorekin garbitu beharko lirateke, edozein hondakin kimiko kentzeko, eta lehortzen utzi.

Desinfekzioak gaizki egiteak arriskuak ditu, segurtasun faltsua eman dezake eta, horren ondorioz, birusaren hedapena kontrolpean ez izatea denda eta negozio horietan. Beraz, arduraz joka dezagun edozein lekutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.