Etxerat-ek salatu du «neurri murriztaileak» hartzen ari direla espetxeetan

Euskal presoen senideek gogora ekarri dute kartzelan«esponentzialki» handitzen direla itxialdiaren kalteak. «Itxialdi orokortu» baten beldur dira

Etxerat-ek hilabete hasieran Bakion egindako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
COVID-19aren agerraldien ondorioz, espetxeetan «neurri murriztaileak» hartzen ari dira; hala salatu du Etxerat-ek. Euskal presoen senideen elkartearen arabera, aurrez aurreko bisitak debekatu dituzte zenbait kartzelatan, edo berrogeialdia ezarri diete bisitak eduki dituzten presoei. Neurriok «ikuspegi murriztailearekin» aplikatu direla adierazi dute, eta gehitu «senideekiko harremana oztopatzen» ari direla. Horrez gain, azpimarratu dute espetxe barruko berrogeialdiek «komunikazio oro debekatzea» dakartela, eta horrek presoen «bakartzea eta bazterketa» areagotzen duela. Presoen senideak beldur dira egoera hau «itxialdi orokortu» bilakatuko ote den udazkeneko agerraldiekin.

Oharrean gehitu dute espetxeetako agintariek «muzin» egin diotela erantzukizunari, eta presoen eta senideen eskubideen «aurka» aritu direla. Zehazki, Jaengo (Andaluzia), Curtisko (Galizia), A Lamako (Galizia) eta Brievako (Gaztela eta Leon) espetxeetako kasuak nabarmendu dituz- te, eta salatu horietan «atzera» egin dutela presoen eta senideen arteko harremanetan. Nabarmendu dute «desinformazioa, ziurtasunik eza, bisitarik ez edukitzeko izua eta distantziak eragiten duen estutasuna» direla nagusi senideen artean: «Sufrimendu handiagoa ezartzen dio lehendik zuten zigor erantsiaren zamari».

Euskal presoak «hurbiltzeak» eta haien «osasun eta bizitza eskubideek» lehentasuna eduki behar dutela azpimarratu du elkarteak. Era berean, pertsonarik «zaurgarrienen» egoera konpontzeko eskaera berretsi dute: «Larri gaixo diren eta 65 urte baino gehiago duten presoak berehala askatzea». Elkarteak nabarmendu du eskaera horiek guztiak «nazioarteko erakundeek pandemia hasieran gomendatutako neurriak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.