Salbuespen egoera amaitzearekin bat etorri dira Jaurlaritza eta Bildu

Erredakzioa
Gasteiz
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako sailburuak esan du «behin ETAren jokabide zigorgarria desagertuta presoen salbuespenezko tratu bat mantentzea ez dela bateragarria zigorrak betearazteko printzipioarekin». ETAren biktimei gertutasuna agertu die, eta berretsi du «ez dietela kale egingo». Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean jasoko du espetxeen eskumena, eta horren harira egin ditu adierazpenok Artolazabalek, Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, Eusko Legebiltzarrean. «Horrek ez du esan nahi mesedezko traturik izango dutenik; soilik legea beteko dugu», esan zuen Artolazabalek.

EH Bilduk uste du Jaurlaritzarekin akordio batera irits daitezkeela eredu berrian. Kartzeletako eskumena salbuespen egoera batetik lege arruntera pasatzeko baliatu behar dela uste du, «eta aintzat hartzekoak dira Jaurlaritzak norabide horretan plazaratu dituen asmoak», Julen Arzuagak esan duenez.

Artolazabalek adierazi zuenez, justizia errestauratiboan oinarrituta dago kartzela eredu berria, eta nabarmendu zuen «eredu alternatibo» horrek «emaitza bikainak» eman dituela Europako beste herrialde batzuetan. Defendatu zuen hori garatu ahal izateko ezinbestekoa dela erdi-askatasunezko erregimenak lehenestea.

Bestetik, hiru kartzeletako 700 bat langileren ardura hartuko du Jaurlaritzak. Artolazabalek jakinarazi zuenez, harrera plan bat prestatu dute sor daitezkeen «zalantzak eta ziurgabetasunak» argitzeko. Prozesua konplexua izango dela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.