Mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientziagatik

Ertzaintzak dio oztopatu egin dietela ziztatutako neska bat artatzea; feministek ukatu egin dute

Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Getxon, Algortako Portu Zaharreko jaietan (Bizkaia), neska batek ziurtatu zuen ziztatu egin zutela, eta, ondoren, harrabotsa sortu da. Ertzaintzak kritikatu du neska zegoen txosnako bi arduradunek oztopoak jarri zizkietela hura artatzeko. Bi pertsona horiek identifikatu egin dituzte, eta ikertzen ari dira, desobedientzia delitu larria egotzita. Algortako mugimendu feministak BERRIAri ziurtatu dionez, mugimenduko bi kide arduratu ziren neska artatzeaz, eta larrialdi zerbitzuekin eta Ertzaintzarekin adostu zuten une oro nola jokatu.

Ertzaintzaren arabera, astelehen goizaldean gertatu zen erasoa, eta, mugimendu feministako kideen arabera, igande goizaldean. Gertatutakoaren inguruko batzuen eta besteen bertsioak ere kontrajarriak dira. Ertzaintzaren esanetan, 112 larrialdietarako zenbakitik pasatu zieten txosnetan neska bat ziztatu zuten abisua. Hara joan zirenean, ordea, txosna bateko bi arduradunek «eragotzi» egin zieten ertzainei gaztea artatzea, «txosnak ziztaden harira jarduteko bere protokoloa zuela ziurtatu ondoren»: «Agenteek behin eta berriz esan zieten anbulantzia bat zain zuela biktimak, ospitalera eramateko, baina bi arduradunek poliziaren lana oztopatzen jarraitu zuten, eta eragotzi egin zuten Ertzaintzak emakume gazteari anbulantzia zegoen lekura laguntzea». Adierazi dutenez, «hainbat saiakeraren eta ezezkoren ostean eta festetako arduradunaren bitartekaritzari esker», lortu zuten ertzainek neska anbulantziara eramatea. Ziurtatu dute oraingoz ez dutela neskaren salaketarik jaso ziztadagatik.

Bi bertsio kontrajarri

Bestelakoa da gaztea artatu zuen Algortako mugimendu feministako kide batek BERRIAri kontatu diona. Esplikatu duenez, hiru neska txosna batera joan ziren, haietako bat ziztatu zutela esanez. Txosnako kideek mugimendu feministakoak abisatu zituzten, eta hari laguntzera joan ziren. «Atera da txosna izan zela kudeatu zuena, eta ez, mugimendu feminista izan zen», argitu du.

Mugimendu feministako kideak iritsi zirenean neska txosnaren atzeko aldera eraman zutela esan du, «leku seguruago batean» egoteko. Orduan, neskak kontatu zien ziztatu egin zutela, eta 112ra deitu zuten. Gazteak adierazi zien adin txikikoa zela; hortaz, beste kide batek gurasoei jakinarazi zien zer gertatu zen. Mugimendu feministako kidearen esanetan, 112tik Ertzaintzara bideratu zuten, eta haiek jakinarazi zieten anbulantzia bat bidaliko zutela. Ertzain bat iritsi arte itxaron zuten: «Abisatu ninduten ertzain bat zegoela kanpoan, eta harekin hitz egitera atera nintzen. Esan zidan haiek atera behar zutela», ziurtatu du. Baina beste modu batera egitea egokiagoa iruditzen zitzaien: «Guk uste genuen egokiena zela gurekin ateratzea eta ez ertzainekin, haren intimitatea babesteko; hori adostu genuen Ertzaintzarekin, eta, berez, ez ziguten arazorik jarri».

Orduan Ertzaintzaren beste dei bat jaso zuela esan du, «ziurtatzeko patruila heldu zela». «Baietz esan nien, eta kontatu nien gu aterako ginela harekin [biktimarekin]. Esan zidan ez zegoela arazorik, eta esplikatu zidan non zegoen anbulantzia». Baina telefonoa eskegi zuenean, egoera okertu egin zen: «Eskegi nuen, eta, buelta eman nuenean, jende pila bat zegoen txosnaren barruan, neska negarrez... eta eraman egin zuten». Ez daki ziur nork: «Badakigu udaltzainak eta ertzainak zirela, baina ez zeuden identifikatuta. Ez ziren gurekin hitz egin zuten ertzainak: beste batzuk ziren».

Horiek horrela, mugimendu feministako partaidearen hitzetan, anbulantziara joatea erabaki zuten: «Anbulantziara joan ginen, amari esan baikenion telefonoz berarekin egongo ginela momentu oro. Zer gertatu zen jakitera joan ginen, eta orduan identifikatu gintuzten». Irizten dio gisa horretako jokaerekin mugimendu feminista «kriminalizatu» nahi dutela.

Jokaera «zabarra»

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu du bi kideek gaztea artatzea «oztopatu» zutela, eta haren osasuna arriskuan ipintzea leporatu die: «Jarduera zabar horrekin arriskuan jarri ahal izan zuten biktimaren osasuna». Haren esanetan, ziztada kasuetarako ezarrita daukaten protokoloa ez betetzea «larria» da: «Bi pertsona horiei desobedientzia delitu larria leporatu ahal izango zaie».

Kontrara, Ertzaintzaren lana nabarmendu du sailburuak: «Zorionez, Ertzaintzak lortu zuen emakume gaztea artatzea. Anbulantziara lagundu zioten, eta anbulantziak ospitalera eraman zuen azterketa sakona egiteko».

Ertzaintzaren Esan sindikatuaren kritikaren ostean egin ditu Erkorekak adierazpenok. Sindikatuak zerbait egiteko eskatu zion Segurtasun Sailari, baita arduradunak epailearen aurrera eramateko ere.«Antisozial» eta «totalitario» gisa izendatu zituzten emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.