Otegi: «EAJk erabaki behar du zer egin eta norekin egin»

Uste du jeltzaleek Madrilekin «berdinen arteko harreman bat» nahi badute EH Bildurekin egin behar dutela ituna. Voxen aurrean «akordio antifaxista bat» egitera deitu du

Arnaldo Otegi mitin batean, Gasteizen, ekainaren 25ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Bakartxo Tejeria (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidente izendatu zuten herenegun, berriro, eta legegintzaldiko estreinako osoko bilkuran adierazi zuen, besteak beste, Espainiako Estatuarekin «harreman molde berri bat» lortu behar dela, eta «aldebikoa» behar duela izan. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ahotan izan zituen hitz horiek atzo, eta jeltzaleei adierazi zien hori egiteko asmoa badute ituna beraiekin egin beharko dutela. «Politika oso sinplea da: EAJk erabaki behar du zer egin eta norekin. EAJk nahi badu berdinen arteko harreman bat izan Espainiako Estatuarekin, gurekin egin behar du ituna, subiranistekin», nabarmendu zuen Bizkaia Irratian emandako elkarrizketa batean.

Otegiren iritziz, Tejeriak plazaratutakoa koalizio independentistak defendatu du autogobernu lantaldean. «Baina jeltzaleek, azkenean, PSOEren besoetara jo zuten». EAJri esan dio, bide batez, ez dezala beraiengana jo bere intentzioa baldin bada Gernikako Estatutuaren «erreforma bat» egitea: «Hori PSOErekin egin dezake». Otegik ez ditu beste lau urte igaro nahi estatus politiko berriaz eztabaidatzen: «Hemen egina dago debatea».

Voxi buruz ere galdetu zioten atzo EH Bilduko koordinatzaile nagusiari, eta hark «akordio antifaxista bat» egitera deitu du, eskuin muturreko alderdiak legebiltzarreko agenda «markatu» ez dezan. «Uste dut lortuko dugula», adierazi du Otegik. Haren esanetan, koalizio independentistak hori egiteko proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean dagoeneko. «Baina argi dugu akordio bat egin behar dela hori nahi dugun alderdion artean». Planteamenduetako bat ganberako araudia aldatzea da, hain zuzen ere, koalizio independentistak aurreko legegintzaldian hauspotu bezala. «Beste aukera bat da jarraipenik ez ematea Voxek egindako planteamenduei».

Tejeria eta «egutegia»

Tejeriak atzo Radio Euskadin berretsi zuenez, «errespetuan, aldebikotasunean eta berdintasunean» oinarritutako harreman bat planteatzen du EAJk Espainiako Estatuarekin. «Errespetatu daitezela euskaldunok erabakitakoa, gure eskumenak. Izan ere, ahal den neurrian zentralizatzen ari da, urteak daramatzagu horrela, eta ez da posible». Eusko Legebiltzarreko presidentearen iritziz —hirugarren legegintzaldia egingo du karguan—, «eskumen asko falta dira oraindik» Gernikako Estatutua betetzeko. Haren ustez, bi aldeek, Madrilek eta Eusko Jaurlaritzak, «egutegi bat» zehaztu zuten, eta hori «betetzeko» eskatu du.

Elkarrizketan, esan zioten aurreko legegintzaldian ez zutela akordiorik lortu EAEko estatus politiko berriaren inguruan, eta galdetu zioten ea orain ere gauza bera gertatuko ote den. «Ez dut horretan jarri nahi. Badugu denbora akordioak lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.