Gasteizko jipoia salaketa faltsua izan ote zen ikertzen ari da Ertzaintza

Ez dute topatu ustezko erasotzaileen irudirik. Etorkin adingabeen aurka erabili dute kasua

Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Joan den aste hasieran, eraso matxista batek asaldatu zituen Gasteizko bizilagunak: emakume batek salatu zuen lau gizonek jipoitu egin zutela urriaren 24ko goizaldean, etxera itzultzen ari zela. Hamar egun igarota, erasotzaileen arrastorik ez dute aurkitu poliziek, ezta inguruko segurtasun kameretako irudietan ere; hala, ikerketak beste norabide bat hartu du: andreak salaketa faltsua jarri ote zuen aztertzen ari da Ertzaintza. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo Bizkaia Irratian berretsi zuen kasua hartu duen epaileari ere helarazi dizkiotela diligentziak, ildo hori ere iker dezan.

Andreak salaketa faltsua jarri zuela konfirmatuko balitz, «oso larria» litzatekeela adierazi zuen Erkorekak, «bizikidetza eta aniztasuna» kaltetu zituelakoan salatzaileak. Izan ere, emakumeak adierazi zuen erasotzaileak «adingabe magrebtarrak» zirela, eta eskuinak segituan baliatu zuen hori etorkin adingabeen aurkako kanpaina arrazista bat abiatzeko. Gasteizko PPko hainbat ordezkarik «gizarteratze arazoak» edota «alarma soziala» nabarmendu zituzten, eta Santiago Abascal Voxeko buruak EAJri egotzi zion errua: «Saritxoen bidez, gure herria etorkin ilegalen paradisu bihurtu duzue. Gaur andreak ari dira ondorioak pairatzen». Gorka Urtaran alkateak deitoratu egin zuen delituak migratzaileekin lotzea, baina esan zuen «halako jendea sobran» dagoela hirian.

Salatzaileak berak hainbat hedabidetan eskatu zuen «delituak egiten dituzten atzerritarrak botatzeko». Izatez, andrea Voxeko hautagaia izan zen 2015eko foru bozetan, eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak egin zituen familiaren bozeramaile lanak iragan astean. Salaketa faltsua izan dela egiaztatzen bada, sei eta hamabi hilabete arteko zigorra jaso dezake emakumeak.

Etorkinen kriminalizazioa ez ezik, eskuin muturrak haizatutako beste mito bat ere elikatuko luke gezurrak: indarkeria matxistaren inguruko salaketa faltsuena. Alde horretatik, Jaurlaritzako Berdintasun eta Justizia sailburu Beatriz Artolazabalek gaitzetsi egin du jokabide hori: «Halakoek mesede txikia egiten diete genero indarkeriaren biktimei, benetako salaketei sinesgarritasuna kentzen baitiete». Nabarmendu du, era berean, salaketen «ehuneko oso txikia» direla faltsuak: «Ez dira positiboak bortizkeriaren aurkako borrokan».

Antzera mintzatu da Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea: «Oso larria litzateke indarkeria matxista bezalako gai serio bat komunitate baten aurka erabiltzea gorrotoa elikatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.