Koldo Leoz. EH Bilduko zinegotzia

«Eskuinaren autoritarismoa eta sektarismoa gelditu beharra zegoen»

GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Badu ospatzeko motiborik. Maiatzean galdutako aginte makila berreskuratuko du Koldo Leozek (Lizarra, Nafarroa, 1979), Geroa Bairekin eta PSNko bi zinegotzirekin akordioa sinatu ostean.

Zoriondu zaituzte jada, ala goizegi da oraindik?

Tira, zentsura mozioa gauzatu arte itxoin beharko dugu, baina nahiko gauza segurua dirudi. Hortaz, geure burua zoriondu dezakegu, bai.

Nola joan da negoziazioa?

Ez da oraingo kontua izan. Hauteskundeen biharamunetik beretik saiatu ginen PSNrekin negoziatzen, Navarra Sumari alkatetzarako bidea ixte aldera. Orduko hartan, baina, ez zen posible izan.

Eta zer aldatu da ordutik?

Navarra Sumaren agintaldia pairatu dugu: haien gobernatzeko era autoritarioa eta sektarioa da erabat. Argi gelditu zen berehala hori geldiarazi beharra zegoela, eta PSNren barruko hainbat sektore mobilizatu dira, agintzeko modua aldatzeko xedez.

Ez da izan, beraz, zinegotzi bakar baten erabaki pertsonala?

Ez. Lizarrako PSNko hainbat militantek sustatutako mugimendua izan da: urtarril bukaeran, alderdiak batzarra egin zuen, eta militanteen gehiengoak zuzendaritzari eskatu zion zentsura mozioa aurkez zezala. Orduan hasi ginen haiekin elkartzen, negoziatzen, programak alderatzen eta adostasunak bilatzen. Hilabete baino gehiago eman dugu ituna adosten.

Zeintzuk dira itun programatikoaren lehentasunak?

Politika sozialak eta gizartearen behar larrienak lehenetsiko ditugu: biztanle askok arazoak dituzte hilabete bukaerara ailegatzeko edota etxebizitza lortzeko. Horren inguruan adostu ditugu hainbat puntu. Euskara, elikadura subiranotasuna, ekonomia zirkularra, mugikortasuna... Hiria hobetzeko hamaika ardatz jaso ditugu itunean.

PSNk ez du akordioa babestu, eta «iruzurra» dela esan du. Zer iruditu zaizu erreakzio hori?

Aitortu behar dut egun osoa lanean eman dudala, eta ez diedala kasu handirik egin beste taldeen erreakzioei. Niretzat, garrantzitsuena da bederatzi zinegotzi bat gatozela eta ezkerreko akordio bat sinatu dugula gobernua aldatzeko.

Lizarrako kasua eredu izan daiteke beste udal batzuetan?

Herriz herri ikusi beharko da hori. Lizarrako kasuak baditu ezaugarri propio batzuk; horiei esker, egoera baliatu ahal izan dugu Navarra Suma kanporatzeko. Beste udalerri batzuetan, ezkerreko taldeek ikusi beharko dute nolako oreka dagoen taldeen artean eta PSNren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.