«Indarrak biltzeko» asmoz, bihar hasiko da Gazte Topagunea Lemoan

Ostiraletik igandera, 50 kontzertutik eta mahai ingurutik gora prestatu dituzte antolatzaileek

jon olano
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek prestatuta, Gazte Topagunea egingo dute bihartik igandera bitartean Lemoan, Bizkaian. Askatasun bulkadak independentziara lelopean batuko dira, eta mahai inguruz, kontzertuz eta abarrez osatutako egitaraua antolatu dute; 50 ekitaldi baino gehiago izango dira. Ekitaldi nagusia larunbatean izango da, 20:00etan, baina egun bakoitzak izango du berea. Bihar, Kalera Kalera-k euskal presoen aldeko ekitaldi nazionala egingo du; izan ere, atzo izan zen Preso Politikoen Nazioarteko Eguna. Larunbatean, berriz Bulkada berrien garaia da ekitaldia egingo dute, eta, igandean, Errautsetatik askatasunera ekitaldirako deia egin dute.

Urtero antolatzen dute bi erakundeek udaberriko egitasmoa, baina berezia da aurtengoa: Jarraisortu zela 40 urte bete dira, eta, horren harira, Bulkada berrien garaia da dinamika jarri zuten abian joan den udazkenean. Lau hamarkadetako ibilbidea aintzat hartuta, topagune «berezia» antolatu dute Ernaik eta Aitzinak aurten, martxoaren 26ko aurkezpenean esan zutenez.

«40 urteotan egindako lanari aitortza bat» egin nahi diote aurten, baina azken hilabeteetako dinamikari amaiera emateko modu bat ere bada Topagunea Lur Albizu eta Aitor Servier Ernaiko eta Aitzinako bozeramaileek, BERRIAk herenegun eginiko elkarrizketan: «Galduta zegoen belaunaldien arteko transmisio hori berreskuratu dugu. Ilegalizazioek de facto eten zuten transmisioa». Internazionalismoari garrantzi berezia eman nahi diote: «Hainbat herrialdetako delegazioak etorriko dira beren esperientzien berri ematera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.