Kongresuak ez du neurri zehatzik hartuko 'Zabalza auzia' ikertzeko

Bozketa gaur izango da, baina, seguru asko, EAJren proposamenak ez du aurrera egingo

gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
EAJk berriro eraman du Zabalza auzia Espainiako Kongresura, Aitor Estebanek aurkeztutako presazko eskaera baten bidez. Horren helburua zen Espainiako Gobernuari galdegitea auziarekin zerikusia duten agiriak sekretupetik atera ditzan, eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak kasu horri dagozkion eginbideak berriz ireki ditzan. PSOEk, baina, aldaketa bat aurkeztu dio proposamenari, eta hor, «horren eskumena duten botere publikoei» dei egiten diete iker dezaten. Aldaketaren azalpenean, PSOEk argi utzi du «justizia erakundeez» ari dela «eskumena duten botere publikoak» aipatzen dituenean, eta ez duela uste Espainiako Gobernuak horretan zerikusirik izan behar duenik. Bozketa gaur egingo dute,eta, itxura guztien arabera, PSOEren proposamenak egingo du aurrera, EAJren testuaren ordez.

Aitor Esteban diputatu jeltzaleak esan du bere proposamena ez doala inoren kontra, «ezta inongo instituzioren kontra edo beste biktimen eskubideen kontra ere», eta haien asmo bakarra dela Nafarroako Parlamentuan, Iruñeko Udalean eta beste zenbait erakundetan agerturiko adostasuna gauzatzea: «Esaten badugu auzia argitu nahi dugula, orduan, ahaleginak egin ditzagun auzia argitzeko», azaldu du, eta erantsi du Espainiako Gobernuak ere «bere alea» jar dezakeela horretan.

«Zauri ireki bat»

PSOEko diputatu Gemma Araujok defendatu du sozialisten aldaketa. Esan du bat datorrela familiaren oinazearekin, baita auzia argitu ez izanak sortzen duen «frustrazioarekin» ere: «Badakigu auzia zauri ireki bat dela, emozionala eta soziala». Baina, hala ere, defendatu du bere garaian zuzenbide estatuak «erantzun» egin zuela eta justiziak ikertu zuela auzia. «Joko arauak eta botereen arteko banaketa errespetatu behar ditugu», argudiatu du.

EH Bilduko Bel Pozueta, CUPeko Albert Botran eta ERCko Marta Rosique auzia ikertzearen alde agertu dira. Pozuetak esan du torturaren inguruan Espainiako erakundeek izan duten erantzuna «ukazioa, isiltasuna, ezkutatzea eta ahanztura» izan dela historikoki, eta aurrekoan Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak arazo horri emandako erantzuna «onartezina eta mingarria» izan zela.

Unidas Podemoseko Roberto Uriartek ere torturaren erabilera deitoratu du, eta zuzenean hitz egin die Alderdi Sozialistako diputatuei: «Demokrazia egian oinarritu behar da. Hemen auzia ez da botereen arteko banaketa, baizik eta botere batek ez diezaiola beste botere bati lan egitea galaraz».

PP, Vox, Ciudadanos eta UPN taldeek oso bestelako jarrera izan dute. PPko Edurne Uriartek esan du auzia «sakon» aztertu zela bere garaian, eta VoxekoMacarena Olonak esan du EAJren proposamena «iraina» dela Guardia Zibilarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.