Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoek greba egingo dute

Apirilaren 25ean egingo dute greba Kristau Eskolan, Ebi Elizbarrutiko Ikastetxeetan, Ikasgiltzan eta IZEAn

Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek egin dute iragarpena: apirilaren 25erako grebara deitu dituzte Kristau Eskola, IZEA, Ikasgiltza eta Ebi Elizbarrutiko Ikastetxeak patronaletako eskolak. Orotara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 ikastetxetan izan dezake eragina deialdiak. Arrazoia, hauxe: langileen ordezkariak hitzarmen berria negoziatu nahian ari dira, baina, sindikatuen esanetan, negoziazio mahaia «blokeatuta» dago.

Ohar bidez azaldu dutenez, iazko maiatzean hasi ziren negoziatzen. Alabaina, patronalek ez dute «negoziaziorako inolako borondaterik erakutsi». Areago: «Aurreko lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dituzte». Otsailaren 2an bildu ziren azkenekoz, eta ez zuten beste egunik jarri biltzeko: «Izan ere, Kristau Eskola eta IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo».

Sindikatuen esanetan, patronalek, edukiak mahai gainean jarri ordez, «Eusko Jaurlaritzaren eskutik joateko» esan zieten langileei. Iruditzen zaie Eusko Jaurlaritzak baduela «zeresanik», baina baita ikastetxeek ere: «Azken hitzarmena sinatu zenetik, inoiz baino finantzaketa handiagoa jaso dute».

Horiek horrela, mobilizatzera joko dute: bihar egingo dute lehen elkarretaratzea, Bilboko Jesuitak ikastetxeko atarian, eta apirilaren 25ean greba. Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte protestetarako eskariak: lan zamak arintzeko neurriak hartzea, sektore feminizatuen eta prekarizatuen egoera hobetzea, soldata KPI kontsumo prezioen indizearen arabera igotzea, lanpostuei eusteko neurriak hartzea eta Lanbide Heziketa hobetzea. Zera gehitu dute: «Sindikatuek jomugan ditugu euskara planak, berdintasun planak, eta lan osasunari eta bereziki arrisku psikosozialei heltzeko planak ere».

Ez da lehenengoa

Ez da eskola erlijiosoetan gisa honetako lan gatazka bat dagoen lehen aldia. Kristau Eskolak eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek akordioa egin zuten 2019ko azaroan, bi urteko lan gatazka baten ostean: bi urte horietan, 29 egunetan egin zuten greba. 2014an ere izan zuten lan gatazka. Izan ere, patronalak ituna eten zuen, soldatak jaisteko, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa publikoa gutxitu baitzien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.