Aste eta erdiko grebara deitu dute sindikatu guztiek Kristau Eskolan

Ez dago aurrerabiderik negoziazioetan, eta urtarrilaren 16tik 25era joko dute grebara

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gogortzen ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako lan gatazka. Lan hitzarmen berria egiteko negoziazioek ez dute emaitzarik eman, eta sindikatuek mobilizazio gogorragoak iragarri dituzte urtarrilerako: aste eta erdiko greba. Hilaren 16an hasiko lukete, asteazkenarekin, eta 25ean amaituko, ostiralarekin. Sindikatuek salatu dute Kristau Eskolaren proposamenetan ez dagoela aurrerapauso «nabarmenik»: akordioa lortzeko «borondaterik» ez edukitzea leporatu diote. Kristau Eskolak, berriz, erantzun du ez daukala modurik orain artekoak baino eskaintza hobeak egiteko, eta Eusko Jaurlaritzari begira jarri da, finantzaketa handitu dezan. Ezetz erantzun du hark, sindikatuen eta zentroen artekoa dela gatazka. Ez aurrera ez atzera dago lan gatazka, beraz.

Gatazka hasi zenetik bederatzi greba egin dituzte langileek. Parte hartzeari buruzko datuetan badago aldea —sindikatuen arabera, hiru langiletik bik bat egin zuten azken deialdiarekin; Kristau Eskolaren esanetan, hirutik batek—, baina eragin handia dute protestek. Gogoan izatekoa da gatazkan dauden ikastetxeetan 9.000 behargin inguru ari direla lanean, eta 120.000 ikasle dituztela. Guraso elkarteak kexu azaldu dira.

Elkar hartuta daude bost sindikatuak lan gatazkan: ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT. Asteazkenean egin zuten azken batzarra, eta ez zuten pauso handirik eman.

Sindikatuen eskariak

Honako hauek dira sindikatuen eskari nagusiak: soldatak handitzea —diote %10 galdu dutela erosahalmena—; irakasleen lan zama txikitzea, ordu osagarriak erreserbatuta; haur hezitzaileen eta hezkuntza laguntzako espezialisten baldintzak hobetzea; eta langileen egonkortasuna bermatzea gelak ixtean. Azken horri dagokionez, gogoan izatekoa da jaiotza tasaren jaitsiera nabaritzen ari dela: ume gutxiago dago, eta jaitsiera sumatzen ari dira eskoletan.

Kristau Eskolak aitortua du eskari horiek «ulertzekoak» izan daitezkeela, baina Mikel Ormazabal zuzendariak dio ez dutela bitartekorik aurre egiteko. Finantzaketa publiko handiagoa eskatu dio Jaurlaritzari: «Kontziente izan behar du zein den egoera». Jaurlaritzak atea itxia dio eskari horri, esanez eskari guztiak ez direla finantzaketarekin loturikoak.

Itunpeko beste sare nagusian, ikastoletan, lan ituna sinatu zuten hilabete hasieran. LABek izenpetu du Ikastolen Elkartearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.